Gerra Ukrainan
Zelenski: "Bakerako Gailurrean historia nola egiten den ikusiko dugula uste dut"
agentziak | eitb media
Errusiak ez du parte hartuko, eta bakea negoziatzeko baldintza gisa jarri du Ukrainako tropak Donbassetik eta herrialdearen hegoaldetik erretiratzea eta NATOn sartzeari muzin egitea.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Suitzan da, gaur abiatutako Bakerako Gailurrean "Ukrainara bake justu eta iraunkorra eramateko" helburuarekin elkarrizketak abiatu ostean.
"Goi-bilera honetan historia nola egiten den ikusiko dugula uste dut", azpimarratu du agintari ukrainarrak Suitzako Luzerna hirian izandako topaketaren inaugurazio ekitaldian. "Nazio bakoitzaren iritziak, ideiak eta lidergoa arrantzitsuak dira guretzat, eta adosten den guztia bakea ezartzeko prozesuaren parte izango da. Nazio Batuen Gutuna berrezartzea ezinbestekoa da guztiontzat", gaineratu du.
Errusiak ez du goi-bileran parte hartuko, Ukrainarako bake egitasmoa errefusatzen duelako eta ez duelako armada herrialdetik erretiratzeko eta bere esku dauden eskualdeak Kievi itzultzeko asmorik. Txinak ere ez du ordezkaririk bidaliko, eta bere bake ekimen propioa bultzatzen jarraituko du.
Dena dela, ehun herrialde eta nazioarteko erakunde baino gehiago ari dira goi-bileran parte hartzen. AEBren izenean, Kamala Harris presidenteordea eta Jake Sullivan Segurtasun Nazionaleko aholkularia bertaratu dira.
Suitzako Gobernuaren esanetan, lehentasunen artean dago "bake marko bat" adostea eta Errusia eta Ukraina prozesuan sartzeko 'bide-orri bat' zehaztea.
Itsaso Beltzean askatasunez nabigatzeko aukera bermatzea, energia nuklearraren azpiegituren aurkako bonbardaketak etetea, presoak askatzea eta Errusiara eraman zituzten haur ukrainarrak etxera itzultzea ere aztertuko dute bertan. Azken horrekin lotuta kaleratu zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak Vladimir Putin Errusiako presidentea atxilotzeko agindua 2023an.
Putinen baldintzak
Putinek, bere aldetik, Ukrainan bakea lortzeko negoziazioei ekiteko baldintzak jakinarazi zituen atzo: Kievek bere tropak Donbassetik eta herrialdearen hegoaldetik erretiratzen baditu eta NATOn sartzeari uko egiten badio, Moskuk su-etena iragarriko du eta gatazka konpontzeko negoziazioak hasiko dira.