Europar Batasuna
EBko goi-karguak banatzeko bilera akordio barik eta beste hautagaitzarik gabe amaitu da
Agentziak | EITB Media
27ak datorren astean bilduko dira berriro, eta orduan bai, erabakia hartu beharko dute. Von der Leyen, Costa eta Kallas dira, hurrenez hurren, Batzordea, Kontseilua eta Diplomazia zuzentzeko hautagai bakarrak, baina EPPk pisu gehiago eskatzen du Kontseiluan, agintaldi erdia berarentzat galdeginda.
Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuen goi bilera informala akordioa erdietsi barik bukatu da bart. Europako erakundeen buruzagitzak adosteko lehen hartu-emana izan da, eta berez, behin betiko erabakia hilaren 27an eta 28an hartu behar dute. Hala, 27ak 10 egun dituzte negoziatzen jarraitzeko.
Hitzarmenik ez, baina Europako Batzordea, Kontseilua eta EBko Diplomaziaren buruzagitza zuzentzeko beste hautagaitzarik ez da aurkeztu. Hori horrela, badirudi Ursula Von der Leyen kontserbadorea, Antonio Costa sozialista eta Kaja Kallas liberala dira, hurrenez hurren, postuok betetzeko aukera gehien dituztenak. EBko buruek ez dute Europako Parlamentuko presidentea aukeratzen baina goi bilera horretan horren inguruko adostasun minimo bat espero zen; kasu honetan ere, Roberta Metsola egungo presidentea ageri da kiniela guztietan.
Bilera amaituta, prentsa aurrera azaldu da Charles Michel jardunean den Europako Kontseiluko presidentea. Azaldu duenez, "afarian aukera izan dugu hauteskundeen emaitzen inguruko iritziak trukatzeko", datorren asteko bilera formalaren atariko.
Bestalde, Mark Rutte Herbehereetako jarduneko lehen ministroa itxaropentsu azaldu da. "2019an baino askoz argiago dago dena, orduko hartan ziurgabetasuna izan zen nagusi hiru egunez", gogorarazi du.
Europako Kontseiluaren agintaldia bitan banatzea nahi dute popularrek
Europako Alderdi Popularraren (EPP, ingelesez) asmoak omen dira akordioa lortzeko oztopo handienak. Antza, Europako Kontseiluan (berez, beste familia politiko handiari, sozial-demokratei, dagokio) botere gehiago nahi dute, eta horretarako agintaldia (bost urtekoa) bitan banatzea eskatu dute: lehen bi urte eta erdiak sozialisten menpe egongo lirateke, eta gainerakoak, euren esku. Europako Parlamentuan ere antzera egiten dela argudiatu dute. Proposamen hori, baina, ez dute onartu.
Hori horrela, diplomazia iturrien arabera, Von der Leyen eta Metsola dira jarraitzeko aukera gehien dituztenak. Zalantza gehiago daude Costarekin —Italiako kontserbadoreek errezeloak ei dituzte, Ukraina nahikoa babesten ez argudiatuta— eta Kallasekin —kasu honetan, Errusiarengandik gertuago dauden estatuek, Eslovakiak eta Hungariak, omen dituzte erreparo gehiago—.
Dena dela, hautagaitzetako bat ez ateratzeak gainerakoetan eragina izan dezake, oreka mantendu behar baita genero, familia politiko eta lurraldetasunari dagokionez.