Itxi

ERRUSIA

Gutxienez 19 pertsona hil dira eta 12 zauritu Dagestanen izandako atentatu terroristatan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi eliza ortodoxo, sinagoga bat eta polizia etxe bat izan dira erasoen helburu. Atzo izan ziren atentatuak, Errusiako ortodoxoek Mendecoste jaia ospatzen ari zirela.

Derbent hirian erasotutako sinagoga. Argazkia: EFE

Dagestango errepublikan (Errusia) 19 pertsona hil ziren, atzo, bi hiritan izandako eraso terroristetan. Hildakoetako 15 poliziak dira eta beste lau herritar zibilak, horietako bat, apaiz ortodoxoa.

Errusiako Poliziaren Ikerketa Batzordeak jakitera eman duenez, oraingoz, ustezko bost erasotzaile atxilotu dituzte terrorismoaren aurkako agenteek, erasoak izan eta berehala jarritako operazioetan. Inork ez ditu, oraindik, bere gain hartu eraso terrorista horiek.

Derbent hiriko bi eliza ortodoxo eta sinagoga bat erasotu zituzten aurrena, eta, ondoren, Majachkala hiriko polizia-etxe bat.

Atxilotuei, besteak beste, terrorismo delitua leporatu diete, eta baita ere, armak legez kanpo izatea eta garraiatzea. Sergei Melikov Dagestango gobernadoreak hiru dolu-egun deitu ditu, atentatuak direla eta.

Atzo izan ziren atentatuak, Errusiako ortodoxoek Mendekoste jaia ospatzen ari zirela. Otsailean ere, Masletnisa jaia ospatzen ari zirela, beste eliza ortodoxo baten kontrako erasoa izan den Dagestango errepublikan.  Orduko hartan, armatutako gizon bat eliza barrura sartu eta tiroka hasi zen. Lau pertsona hil ziren.