Itxi

Polemika

Boliviako Gobernuak gezurtatu du Evo Moralesen jarraitzaileek babesten duten "Estatu-autokolpearen" bertsioa

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Juan Jose Zuñiga jeneral kargugabetuak esan zuen, bere atxiloketan zehar, asteburuan Luis Arcerekin bildu zela, eta presidenteak bere irudia "hobetzeko" zerbait egitea eskatu ziola.

Estatu-kolpe saiakeragatik atxilotutako militarrak. Argazkia: EFE

Boliviako Gobernuak "Estatu-autokolpearen" bertsioa gezurtatu du gaur, eta "faltsua, pentsaezina eta ikaragarria" dela ziurtatu du. Evo Morales (2006-2019) Boliviako presidente ohiaren jarraitzaileek, aldiz, Murillo plaza militarki hartzea "autokolpe" bat izan zela esan dute, eta "egile intelektual" gisa egungo presidentea, Luis Arce, eta presidenteordea, David Choquehuanca, jo dituzte.

Bezperan, Juan Jose Zuñiga jeneral kargugabetua atxilotu zuen Poliziak, eta atxiloaldian ziurtatu zuen asteburuan Arcerekin bildu zela, eta presidenteak zerbait egitea eskatu ziola bere irudia "hobetzeko", eta tankeak atera zituela.

Maria Nela Prada Presidentetzako ministroak gaitzetsi egin ditu autokolpearen informazioak, eta Juan Jose Zuñiga jeneralaren hitzak "erabat faltsuak" direla azpimarratu du. Hala, aktore militar batzuei leporatu die "etekin politiko txikia atera nahi izatea, interes pertsonalagatik soilik, iritzi publikoa nahastu nahian".

Ildo horretan, nabarmendu du asteazken arratsaldean La Paz hiriko erdigunean dagoen Murillo plazan gertatutakoa "mugimendu militar bitxia" izan zela, eta "Juan Jose Zuñigak gidatuta, indarrez sartu eta ireki zuen, tanke batekin, presidentearen jauregi zaharreko atea".

Hala ere, argitu duenez, "bizitakoa kolpe saiakera bat da, gelditzea lortu den, porrot egin duen, kolpe bat", eta "gure Konstituzioaren eta demokraziaren aurkako adierazpen ikaragarriak" errefusatu ditu, El Deber egunkariak jaso duenez.

Eduardo del Castillo Gobernuko ministroak ukatu egin du "simulakroa" izan zenik. "Nola hitz egin dezakegu simulakro bati buruz, iruzur bati buruz, orain buruzagiak atxilotuta dauzkagunean? Nola eztabaida dezakegu hain gai sentikorrarekin (...) une honetan 12 zauritu daudenean?", adierazi du.

Moralesen jarraitzaileak: "Noiz ikusi da militarren kolpe bat balinekin?"

"Herrialdeari iseka egin diote. Presidente honek jada ez daki bere irudia nola hobetu (...) egile intelektualak Luis Arce eta David Choquehuanca dira eta egile materiala (Juan Jose jenerala) Zuñiga da ", adierazi du MAS mugimendu sozialista ofizialistaren presidenteordeak, Gerardo Garciak.

"Noiz ikusi da militarren kolpe bat balinekin? Noiz ikusi da kolpe bat, non militarrek presidentearekin hitz egin behar duten?", esan du Garciak.

Estatu-kolpeak daudenean "militarrak hiltzen sartzen dira, balekin, presidentea eta ministroak zapaltzera. Zuzenean sartzen dira torturatzera eta preso hartzera", jarraitu du Garciak.

Bestalde, Moralesen Gobernuan ministro izan zen MASeko abokatu Wilde Chavezek esan du asteazkeneko gertakariek "Luchoren (Arce) irudia hobetzeko eta kudeaketa txarra estaltzeko" asmoa zutela, "gasolinarik ez dagoela, dolarrik ez dagoela estaltzeko".

Chavezek esan duenez, Boliviako Batailoi Gorriak, Gobernu Jauregiko Etxe Militarra eta Polizia Operazioen Unitate Taktikoa (Utop) bezalako unitateek, Gobernuaren segurtasunaz arduratzen direnek, ez zuten Murillo plaza militarki hartu zutenean parte hartu. "Beraz, militarrei Murillo plaza eman diete. Nola ez da autokolpe bat izango?", gaineratu du.

MASeko abokatuak erantsi duenez, Zuñigaren asmoa "Evo Morales atxilotzea zen", astelehenean telebista saio batean adierazi zuen bezala, baina "ezin izan dute egin".