AEB
Trumpek, oldarkor eta konfiantzaz, Biden zalantzati baten aurka egin du eztabaida erabakigarri batean
Agentziak | EITB Media
CNNk Atlantan duen plato batean izan da eztabaida. Ez da publikorik egon, ezin izan dute oharrik erabili eta ez dute aholkularien laguntzarik izan. Hautagai bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak azaltzeko balio izan du eztabaidak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AEBko hauteskundeen atarian eztabaida erabakigarria izan dute Joe Biden AEBko presidenteak eta Donald Trump hautagai errepublikanoak. Trump oldarkor agertu da eta Bidenek arazoak izan ditu mezuak lotzeko. Gainera, zalantzati eta ahotsean arazoak zituela agertu da.
CNNk Atlantan duen plato batean izan da eztabaida. Ez da publikorik egon, ezin izan dute oharrik erabili eta ez dute aholkularien laguntzarik izan. Gainera, txanda esleituta izan ezean, ez dute erreplikarako aukerarik izan. Hautagai bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak azaltzeko balio izan du eztabaidak.
Zalantzati agertu da behin baino gehiagotan Biden. Presidenteak gripea du eta Trumpek iseka egin dio zehaztasunik gabe hitz egin duenean edo esaldiak amaitu gabe utzi dituenean.
"Inoiz ez dut hainbeste tontakeria entzun", esan du AEBko presidenteak Trump kanpo politikari buruz hitz egiten entzun duenean. Hautagai errepublikanoa kexu agertu da demokratak agintean daudenetik AEBren ospea "ikaragarria" izatera igaro delako. Politika ekonomikoan ere eraso egin dio errepublikanoak Bideni, baina moderatzaileek ekonomiari edo migrazioari buruz galdetu dienean zehaztasunik gabe erantzun dio.
Oraindik "gauzak egiteke" daudela onartu du Bidenek eta egindako kudeaketa ekonomikoa eta migratzailea defendatu ditu. "Pandemian horren gaizki egin zen jende asko hil zela; ekonomia kolapsatu egin zen eta langabezia tasak % 15 egin zuen gora. Gauzak berriz ere osatu behar izan genituen", esan du.
81 urte ditu Bidenek eta haren adina hizpide izan da eztabaidan. "Ez du presidente izateko gaitasunik. Ez genuke eztabaidarik izan behar. Ez dago ezer eztabaidatzeko", kritikatu du Trumpek.
Ez da proposamen berriak entzun diren eztabaida izan, etengabeko erasoak nagusi izan diren ring bat baizik.