Parte-hartze historikoa
Parte-hartze handiko hauteskunde egun baten ondotik itxi dituzte hauteslekuak Frantzia osoan
EITB MEDIA
Frantziako haustekundeetan lehen itzuliko parte-hartzea % 67,69koa izan da. 2022ko hauteskundeekin alderatuta, ia 20 puntu igo da parte-hartzea. Arratsaldeko seietan itxi dituzte hautesleku gehienak, nahiz eta Parisen zortziak arte botoa emateko aukera izan duten.
Parte-hartze historikoa izan da igande honetan Frantzian egiten ari diren hauteskunde legegileen lehen itzuliko protagonista nabarmenetako bat, izan ere parte-hartzea % 59,39koa izan da 17:00ak arte. Hau da, 2022ko hauteskundeetan ordu horretara arte zenbatutakoa baino ia 20 puntu gehiagoko aldea (% 39,4), Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Azken parte-hartze kopurua % 67,69koa izan da.
Behin-behineko emaitza hori oso bestelakoa da duela bi urteko hauteskundeetakoarekin alderatuta; izan ere, aurreko hitzorduan % 47,7ko parte-hartzea izan zuten, hau da, inoizko baxuena hauteskunde legegileetan. Orain, 1986. urteaz geroztik inoiz izandako parte-hartze daturik altuena da.
Ildo horretatik, 17:00ak arte zenbatutako datua argitaratu eta denbora gutxira, Frantziako hedabideek azken parte-hartzearen bi estimazio eman zituzten: % 67,5 ingurukoa, Ipsosen arabera, eta % 69,7koa, Harris Interactiveren arabera.
Marine Le Penen eta Jordan Bardellaren koalizio ultraeskuinaren gorakada bermatzen amaitu dezaketen hauteskundeen lehen itzuliari begira, Frantziako herritarrak asaldura handiko giro batean joan dira hauteslekuetara.
Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirineo Atlantikoan parte-hartzea handia izan da % 65,5, 2022ko hauteskundeekin alderatuta 18 puntu egin du gora (% 50,42tik, % 65,5era).
Arratsaldeko seietan itxi dituzte hautesleku gehienak, nahiz eta Parisen zortziak arte botoa emateko aukera izan duten.
Ultraeskuina, faborito
Inkestek garaipena ematen diote eskuin muturreko Bilgune Nazionalari, botoen % 36 ingururekin. Emaitza horrekin, Marine Le Pen buru den alderdiak gehiengoa lortzera hurbilduko lirateke.
Eskuin muturrekoen atzetik, hainbat adituk ezkerreko blokea kokatzen dute, botoen % 29rekin, eta Macronena hirugarren, % 20,5ekin.
Ipar Euskal Herria
Lehen esandakoari jarraituz, Ipar Euskal Herrian ere badirudi ultraeskuinak lortuko duela babesaren gehiengoa. Izan ere, hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, oso litekeena da Ipar Euskal Herrian herritarren gehiengo babesa lortzea.
Hala eta guztiz ere, frantziarrek 577 diputatu aukeratu beharko dituzte, eta horietatik 3 bakarrik aterako dira euskal botoetatik.
Hautagaiak, hauteslekuetan
Frantziako hauteskunde legegileetarako hautagai nagusietako batzuek dagoeneko hauteslekuetan izan dira.
Lehenengoa, Manuel Bombard izan da, Frantzia Intsumisoaren koordinatzailea. Ondoren, Jordan Barella Bilgune Nazionaleko presidentearen txanda iritsi da.
Hautagai nagusiei dagokienez, Marine Le Penek Henin-Beaumonteko bere hauteskunde-foro eman du botoa; Emmanuel Macron presidenteak eta Brigitte emazteak, aldiz, Le Touquet kostaldeko hiri txikian.