Itxi

frantziako hauteskundeak

Ultraeskuinak irabazi du Frantziako hauteskundeen lehen itzulia, eta Fronte Popularra bigarren geratu da

EITB Media

Leer en Castellano

Le Penek "gehiengo osoa" eskatu du "batasuna eta adostasun nazionala berrezartzeko". Melenchonen esanetan, Fronte Popular Berria (NFP) da ultraeskuinaren alternatiba bakarra, eta bigarren itzuliak "aparteko intentsitatea" izango dula iragarri du. % 67,5ekoa izan da parte-hartzea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Datu ofizialen faltan, inkesta guztien arabera Frantziako hauteskundeetako lehen itzulia irabazi du Marine Le Penen Bilgune Nazionalak (RN) eta Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioa handia izan da bigarren bozkatuena. Parte-hartzea izan da hauteskunde egun honetan nabarmentzeko puntuetako bat, izan ere, bozkatzera deituta zeuden ia 31 milioi herritarren bi herenek eman dute boza, % 67,5k zehazki, azken hauteskunde legegileetan baino 20 puntu gehiago. 

Emaitzen aurreikuspenen berri izan orduko, uztailaren 7ko bigarren txandarako "gehiengo absolutua" eskatu du Le Penek, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari Jordan Bardella lehen ministroa izendatzeko beste aukerarik ez uzteko.

"Ezer ez dago hemen irabazita. Bigarren txanda erabakigarria izango da herrialdea ezker muturreko eta indarkeriarako joera duen Nupes-en (orain Fronte Popular Berria deiturikoa) eskuetan gera ez dadin", ohartarazi du.

"Bardellaren gehiengo absolutu batek — zehaztu du Le Pen-ek — batasuna eta konkordia nazionala berrezartzea" ekarriko du. Azpimarratu duenez, "frantziar bakar batek ere ez du eskubiderik galduko". "Alderantziz, eskubideak bermatuta egongo dira eta, egoerak ahalbidetzen duenean, berriak sortuko dira", agindu du.

Jordan Bardella Bilgune Nazionala (RN) alderdi ultraeskuindarraren lehen ministro izateko hautagaiak berak adierazi du lehen itzulian lortutako garaipena "eztabaidaezina" dela, eta uztailaren 7ko bigarren itzulirako mobilizatuta jarraitzeko eskatu die hautesleei.

Bigarren itzulian garaitu beharreko etsaitzat jo du ezkerra eta, agindu duenez, lehen ministro izendatzen badute, Emmanuel Macron presidentearekin "errespetuz" ariko da, nahiz eta RN alderdiaren printzipio politikoetan "intransigentea" izan.

Bigarren itzulia "lasaitasun giroan" egin ahal izateko nahia agertu du. "Batzeko deia egiten dizuet, gure balioak zapaldu nahi dituztenen aurkako batasun nazionala irabazi ahal izateko. Nire asmoa eguneroko lehen ministroa izatea da, migrazio politika berreskuratuz", azpimarratu zuen.

Datorren uztailaren 7rako "hautaketa argi dago", jarraitu du Bardellak: "hondamendira eramango gaituztenen aliantza, edo segurtasuna berrezarri eta lana defendatuko duen batasun nazionalaren artean". 

Bardella, hauteskundea gaueko agerraldian. EFE.

Fronte Popular Berria, bigarren

Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoko (LFI) buruzagiak igande honetan adierazi duenez, Fronte Popular Berriaren (NFP) ezkerreko batasuna da ultraeskuinaren alternatiba bakarra, baina, aldi berean, hauteskunde legegileen bigarren itzulian, uztailaren 7an, hirugarren postuan geratu diren lekuetan, hautagaitzak erretiratuko dituztela iragarri du.

"Gure kontsigna argia da egoera edozein dela ere: boto bakar bat gehiago ez RNrentzat (Marine Le Penen alderdia), eserleku bakar bat gehiago ez RNrentzat", adierazi du lehen boto estimazioen berri izan ondoren. Horien arabera, ultraeskuinak luke garaipena, botoen heren batekin, eta NFP bigarren legoke, botoen % 28 ingururekin.

Hori dela eta, nahiz eta barruti gehienetan uztailaren 7ko bigarren itzulia biren arteko lehia izango den, batez ere NFPren eta RNren artean, badirua bigarren itzulira hiru hautagaitza pasatzen diren barrutiak, eta, horietan, ezkerreko blokeak bere hautagaitza erretiratuko du hirugarren gelditu den barrutietan, botoa ultraeskuinaren aurrean zatitzea saihesteko.

Mélenchonen ustez, uztailaren 7ko hautestontziekin egingo den hitzorduak "aparteko intentsitatea" izango du, eta igande honetako mobilizazio handia eskertu du.

"Kontua ez da soilik  aurka bozkatzea, ez da bakarrik hesia osatzea, pertsona guztiak errespetatzen dituen beste etorkizun baten alde bozkatzea baizik", azpimarratu du.

NFPren agerraldia, hauteskunde gauean. EFE

Macronek "batasun demokratiko handia" eskatu du

Kutsu instituzionaleko adierazpen batean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "kontzentrazio demokratiko handi" baterako deia egin du, bigarren itzulian eskuin muturreko Bilgune Nazionalaren (RN) garaipena eragozteko.

"Kontzentrazio demokratiko eta errepublikar handi bat" eskatu du Marine Le Penen alderdiaren aurka.

Macronen ustez, gainera, parte-hartze altuak "agerian uzten du bozketak gure herrikide guztientzat duen garrantzia eta egoera politikoa argitzeko nahia. Demokraziak horretara behartzen gaitu", azpimarratu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)