DENBORALEA
Dagoeneko zazpi pertsona hil dira Kariben, 5. kategoriako Beryl urakana dela eta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atlantikoan ekainean inoiz izan den urakan indartsuena da. Luiziak, etxeen suntsipena eta energia-eten ugari eragin ditu, bai eta komunikazio arazoak ere. Datozen orduotan Jamaikako kostaldera iritsiko da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez zazpi pertsona hil dira Karibe aldean azken orduotan, 5. kategoriako Beryl urakanaren ondorioz. Atlantikoan ekainean inoiz izan den urakan indartsuena da, eta asteazken honetan iritsiko da Jamaikako kostaldera.
Beryl, 1966tik gehien aurreratu den intentsitate honetako urakana da, normalean abuztuan iristen baitira. Urteko lehena da eremu horretan, eta adituek aurreko urteetan baino urakan gehiago espero dituzte. Aurten 13 bat urakan irits daitezke ingurura, eta horietatik zazpik eremua suntsitzeko gaitasun handia izan dezakete.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak baieztatu duenez, gutxienez hiru pertsona hil dira Sucre kostaldean, Delcy Rodriguez presidenteordea zauritu den leku berean.
Bestalde, Dickon Mitchell Granadako lehen ministroak beste hiru hildako baieztatu ditu, urakana Carriacou eta Martinika Txikia uhartetik igaro ondoren, astelehenean, Beryl 4. mailako fenomenoa zenean.
Urakanak luiziak, etxeen suntsipena eta energia-eten ugari eragin ditu, bai eta komunikazio arazoak ere.
Horrez gain, astelehenean, beste hildako bat baieztatu zuen Ralph Gonsalves Saint Vincent eta Grenadinakeko lehen ministroak. Gainera, Union Island uharteko etxeen % 90 hondatuta edo suntsituta geratu direla jakinarazi zuen.
Bestalde, Andrew Holness Jamaikako lehen ministroak ohartarazi du urakana berehala iritsiko dela uhartera, orduko 240 kilometroko haize-boladekin, eta horrek bi eta hiru metro arteko olatuak eragingo ditu kostaldean.