Hauteskundeak
Hauteskunde eguna Erresuma Batuan, ziklo aldaketaren atarian kontserbadoreak 14 urte agintean izan ondoren
EITB MEDIA
Inkesta guztiek abantaila handia ematen diete laboristei Komunen Ganbera berritzeko hauteskundeetan. 'Brexit'ak eta horrek ekonomia britainiarrean ekarritako ondorioek, covidak eta bizi-kostuaren igoerak Alderdi Kontserbadorearen itxaropenak lurpean utzi ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ziklo aldaketa ekar dezaken hauteskunde eguna izan dute Erresuma Batuan, inkesta guztiek laboristen garaipen zabala eta kontserbadoreen porrota iragartzen baitute. Aurreikuspenen arabera, Alderdi Laborista berriro ere agintera itzuliko da 14 urteko gobernu kontserbadorearen ondotik. Europar Batasunetik atera ondoren Erresuma Batuan egiten diren lehen hauteskundeak dira, eta brexitaren ondorioak markatuta egingo dira.
Hauteslekuak 22:00etan itxi dira (23:00ak Euskal Herrian), eta orduan jakingo dira hauteslekuen atarietan egindako inkesten emaitzak. Emaitza ofizialak ostiral goizaldean emango dituzte. Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak Holborn and St Pancras (Londres) barrutian eman du botoa, Victoria emaztearekin batera. Rishi Sunakek, berriz, Northallertonen egin du, Ingalaterra iparraldean.
Boto asmoari buruzko inkestek ziurtzat ematen dute Alderdi Laboristaren garaipena eta gehiengo osoa lortzeko aukera ere aitortzen diote.
Inkesten arabera, laboristek kontserbadoreekiko 20 puntuko aldea lortuko lukete, botoen % 41. Horrek esan nahi du Keir Starmer lehen ministro bihur daitekeela, 200 eserleku baino gehiagorekin gehiengoa lortuta. Are gehiago, Alderdi Laboristak, Tony Blair buru zuela, 1997an lorturiko emaitzak hobetu ditzake.
Rishi Sunak egungo lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak botoetan galera handia izango dutela uste dute inkestek. Azken hauteskundeetan 365 eserleku lortu zituen eta, hauetarako, boto guztien % 20 inguru baino ez izatea aurreikusten da. Are gehiago, Sunaken berearen eserlekua ere kolokan egon liteke.
Brexitak eta horrek ekonomia britainiarrean dituen ondorioek, covidak eta bizi-kostuaren igoerak Alderdi Kontserbadorearen itxaropenak lurpean utzi ditu. Kontserbadoreek dagoeneko onartu dute porrota. Orain, zenbateko aldearekin galtzen duten ikustea falta da.
Keir Starmer Alderdi Laboristako buruzagiak "aldaketaren" alde bozkatzea eskatu du, eta Rishi Sunak lehen ministro kontserbadoreak, berriz, laboristen "supergehiengoa" saihesteko, hauteslekuen irekierarekin bat eginez X sare sozialean zabaldu dituzten mezuetan.
Hauteskunde sistema britainiarrak bi alderdi handiei egiten die mesede, Kontserbadoreari eta Laboristari. Baina kontserbadoreekiko atsekabeak ultraeskuinaren presentzia areagotu dezake eta beste lau alderdirekin batera lehiatuko dira ordezkaritza lortzeko: Alderdi Liberal Demokrata, Reform UK alderdia — lehen brexitaren Alderdia zena —, SNP eta Alderdi Berdea.
Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako hauteslekuak 07:00etan ireki dituzte (08:00ak Euskal Herrian) eta 22:00ak arte (23:00ak Euskal Herrian) egongo dira zabalik.
Guztira, 46 milioi pertsona daude botoa ematera deituta Komunen Ganbera berritzeko hauteskundeetan.
Nola funtzionatzen du Erresuma Batuko hauteskunde-sistemak?
Herrialdea 650 barrutitan banatzen da eta, barruti bakoitzean, herritarrek hautagai bakarra aukeratzen dute. Horrela, boto-emaileek zuzenean aukeratzen dute Komunen Ganberako diputatu bat, hauteskunde-barruti bakoitzeko bat, alderdien zerrendak sortu beharrik gabe.
650 diputatuetatik 543 Ingalaterrakoak dira, 57 Eskoziakoak, 32 Galesen ordezkariak eta 18 Ipar Irlandakoak. Sistema horrekin, ez dago gehiengo absolutua lortzeko betebeharrik, ezta bigarren itzuli bat egiteko beharrik ere.