Itxi

Frantziako hauteskundeak

Ezkerrak irabazi ditu bozak, eskuin muturra hirugarren postura zokoratuta

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Fronte Herritar Berriak 182 eserleku lortu ditu, eta bigarren Macronen koalizioa geratu da, 168rekin. Ultraeskuinak 143 ordezkari izango ditu, inoizko gehien. Horrenbestez, oso zatituta geratu da Asanblea Nazionala, gehiengo argirik gabe. Ipar Euskal Herrian ere ezkerra izan da garaile.

Fronte Popular Berriko jarraitzaileek garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE.

Frantziako herritarrek eskuin muturra geldiaraztea lortu dute hauteskunde legislatiboen bigarren itzulian, Fronte Herritar Berria (NFP) ezkerreko koalizioari garaipena emanez eta Marine Le Penen Bilgune Nazionala (RN) hirugarren postura baztertuz. Bigarren postuan, Emmanuel Macron babesten duten alderdiek osatutako Ensemble koalizioa geratu da.

Datu ofizialen arabera, NFP ezkerreko koalizioak (sozialistak, komunistak, ekologistak eta Frantzia Intsumisoa) 182 eserleku lortu ditu (577 ditu, guztira, Asanblea Nazionalak). Ezkerreko beste indar batzuek erdietsitako 13 hautetsiak batu ahal dizkio. 

Asanblea Nazionaleko bigarren taldeak, Ensemblek Macronen gertuko hiru alderdiek osatutakoak, 168 hautetsi izango ditu. Urrun ditu, beraz, 2022an eskuratutako 245ak. 

Eskuin muturrak (Bilgune Nazionala eta haren aliatuak) 143 eskuratu ditu, eta hirugarren postuan geratu da. Hauek eman dute gaueko ezusteko handiena, lehen itzulian alderdi bozkatuena izan baitzen, babesen % 33 baino gehiagorekin. Dena dela, inoizko datu onenak dira Le Penentzat —2022an 89 diputatu lortu zituen, 2017an, berriz, 8 bakarrik—.

Alderdi Errepublikarrak (LR) 45 eserleku lortu ditu. Eskuineko beste alderdi txikiagoek lortutako 15 ordezkariak ere erantsi ditzakete. 

Zatitutako Asanblea Nazionala

Emaitza horiekin inork ez du gehiengo osoa lortzen, 289 eskuratu behar baitira. Elkar ulertzera kondenatuta daude alderdiak, baina printzipioz, zaila dirudi Macronistek eta kontserbadoreek Melenchonen alde egitea (80 diputatu lortu ditu Frantzia Intsumisoak). 

49 milioi frantziar inguru zeuden deituta igande honetan bozka ematera. Parte-hartzea historikoa izan da, % 67,1era iritsi da, 1997tik izan den altuena.

Eskuin muturra hirugarren geratu dela eta, milaka herritar kalera atera dira, eta Parisko Errepublikaren Plaza sinbolikoa ezkerzalez bete da.  

Ipar Euskal Herrian ere (Pirinio Atlantikoetako hiru barrutitan banatzen da) ezkerra izan da garaile. Historian lehen aldiz, EHBaik eserlekua eskuratu du, Peio Dufauk (FHB) irabazi baitu 6. hautesbarrutian (Lapurdi kostaldea eta barrualdean Itsasuraino), bozen % 37,5 bereganatuta; 5.ean ( Baiona, Angelu... hartzen ditu, Bidaxunerria, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduraino), Colette Capdevielle sozialistak bozen % 60,58 lortu ditu, eta 4.ean (Barnealdea eta Bearnoko zati bat), hautesleen ia erdiek Iñaki Echaniz sozialistaren alde egin dute.

Melechonek Macroni: NFPk osatu behar du gobernua

Lehen emaitzak jakin orduko, politikarien erreakzioak iristen hasi dira.

Hauteskundeetako irabazlea, Jean Luc Melenchon ezkerreko liderra, izan da hitz egiten lehena. Macroni esan dio porrota onartu dezala eta NFP koalizioari gobernua osatzeko eska diezaiola.

Alabaina, Eliseoak jakinarazi duenez, Emmanuel Macron presidenteak "Asanblea Nazionala berregituratu arte itxarongo du beharrezko erabakiak hartzeko", eta "frantziarren erabaki subiranoa errespetatzen dela zainduko" duela adierazi du.

Bestalde, Gabriel Attal lehen ministroak astelehen honetan dimisioa aurkeztuko diola Macron presidenteari baieztatu du. Hala ere, Asanblean izan daitekeen blokeoaren aurrean, behin behineko gobernu bat zuzentzeko prest agertu da.

Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarrak alderdiaren porrota deitoratu du, baina hauteskunde hauetan babesa bikoiztu dutela gogorarazi du, eta "etorkizuneko garaipen baten oinarriak" jarri direla uste du.

Azkenik, Eric Ciotti Alderdi Errepublikarraren buruzagiak "lotsaren aliantza" salatu du, "boterea ezker muturrari" eman diona.

Albisteak (2)