Krisi humanitarioa
Lau pertsona migratzaile hil dira Mantxako kanala zeharkatu nahian ari zirenean
Agentziak | EITB Media
Ezbeharra Boulogne-sur-Mer herrian jazo da, Frantzia iparraldean. Larrialdi zerbitzuek 63 pertsona erreskatatu dituzte guztira.
Lau pertsona migratzaile ito dira bart Mantxako kanala zeharkatu nahian ari zirenean, Frantziatik Erresuma Batuko kostaldera iristeko, Frantziako itsas prefeturako iturriek ostiral honetan jakitera eman dutenez.
Ezbeharra 04:30 aldera jazo da (02:30 Euskal Herrian) Boulogne-sur-Mer herrian, Pas-de-Calais departamenduan (Frantzia iparraldean).
Antza denez, pertsona migratzaileak zihoazen ontzia puskatu egin da, eta hainbat pertsona uretara erori dira. Mantxako kanalean zaintza-lanetan ari zen ontzi batek topatu ditu.
Hala, 63 pertsona atera dituzte uretatik, horietako lau hilda, bilatzeko operazioarekin bat egin duten bi erreskate-ontzi eta helikoptero baten laguntzarekin.
Iaz, 29.437 pertsona iritsi ziren Erresuma Batura Mantxako kanala modu irregularrean zeharkatuta, 2022an baino % 36 gutxiago, Erresuma Batuak emandako datu ofizialen arabera. Guztira 45.774 pertsona iritsi ziren 2022an.