Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Joe Bidenek ez du bere hautagaitza atzera botako eta irabazle gisa ikusten du bere burua

EITB Media

Bidenen ustez, "une honetan daukaguna (Donald Trump) ez da alternatiba ona", eta "etikak eta zintzotasunak" garrantzia handia dutela defendatu du Detroiten, Michigan estatuan egindako kanpainako ekitaldian.

Joe Biden Detroiteko kanpainan. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Joe Bidenek, adierazi du ondo dagoela eta azaroko hauteskundeei begira ez duela bere hautagaitza atzera botako.

Bere adinaren eta kargua hartzeko gaitasunen inguruko kritikei entzungor eginez, 81 urteko presidenteak ondo dagoela esan du Detroiten egindako kanpainako ekitaldi batean. Horrez gain, bere burua irabazle gisa ikusten du demokratak, eta Trumpi ez diola bigarren agintaldia eskuratzen utziko azpimarratu du.

Hitzaldian zehar, bere bigarren agintaldiko lehen 100 egunetako plangintzaren zirriborroa ere azaldu du, eta Trumpen jarraitzaileek defendatzen duten '2025 Proiektua' salatu. Proiektu horrek, besteak beste, agentzia federalak murriztea eta deportazio masiboak egitea jasotzen ditu.