Itxi

Gaza, erasopean

Gutxienez 13 hildako Israelek NBEren eskola baten kontra egindako erasoan

EITB Media

Leer en Castellano

Gainera, goizaldean beste 17 lagun hil ditu Israelek Gaza Hirian egindako hainbat erasotan. Israelek larunbatean Al Mawasin egindako erasoaren aurrean, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gaitzetsi egin du "zibilen sarraskia".

Nuseriateko erasoan haurtxo bat erreskatatu duten unea.

Gutxienez 13 lagun erail ditu Israelek Nuseirateko errefuxiatuen kanpamentuko NBEren eskola baten aurka egindako bonbardaketan, hedabide palestinarren arabera. 

Dozenaka zauritu iritsi dira Nuseirateko Al Awda ospitalera, Abu Arban eskolan erasoa izan ostean. Gaza osotik babes hartzera joandako ehunka lagun zeuden eskola horretan errefuxiatuta. 

Sareetan eta hedabideetan zabaldu diren bideoetan, ehunka lagun ikusten dira eskolaren atarian korrika, zaurituak lepoan hartuta horietako zenbait. Era berean, hondakinetan harrapatuta gelditu direnak, bizirik atera den haurtxo bat tartean, askatu nahian ikusten dira beste dozenaka lagun.


Komunikatu batean, Israelgo Armadak eskolaren aurkako bonbardaketa justifikatu du, euren kontrako erasoetarako "ezkutaleku gisa eta operazio azpiegitura gisa" erabiltzen zutela esanez. Gainera, "zibilak zauritzeko arriskua arintzen" saiatu direla esan dute, "doitasunezko munizioak eta inteligentziako beste neurri osagarri batzuk" erabiliz egin dutela gaineratuta.

Hala ere, Adnan Abu Hasna UNRWAko hedabideetako aholkulariak salatu duenez, "inor ez da gurekin harremanetan jarri, eskola barruan milizianoak edo bilaketa agindupean zeuden pertsonak zeudela esateko". Horren esanetan, guztira 550 pertsona inguru hil direla horrelako zentroetan; agentziaren azken txostenaren arabera, UNRWAko 197 langile hil dira urriaren 7tik, eta Israelen erasoek 188 instalaziotan egin dituzte kalteak.

17 hildako Gaza Hirian, goizaldean 

Gutxienez 17 pertsona hil eta 50 zauritu ditu Israelek goizaldean Gaza Hirian egindako erasoetan, Larrialdi Zibileko eta Osasuneko iturri palestinarren arabera.

Gutxienez lau eraso izan dira hiriko lau eremutako etxeetan. Armadak airez eta lurrez egin du eraso, lekukoen arabera.

Israelek duela hilabete batzuk Gazako Zerrendaren aurka abiatutako erasoaldi militarraren ondorioz hildako palestinarrak 38.500 baino gehiago dira, eta zaurituak 88.800 inguru dira, Gazako Osasun Ministerioaren azken datu ofizialen arabera. 

NBEren gaitzespena

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gogor gaitzetsi du Israelgo Armadak larunbatean Al Mawasiko desplazatuen eremu batean, Khan Yunisetik gertu, egindako "zibilen sarraskia". Gutxienez 90 lagun hil eta 300 zauritu zituen Israelek eraso bakarrean, erdiak haurrak eta emakumeak.

NBEko ordezkaria, "hunkituta eta atsekabetuta" agertu da "giza bizitzen galerarekin".  

Mohamed Deif Hamaseko buruzagi militarraren eta Rafa'a Salame Khan Yuniseko tokiko komandantearen aurka (horren heriotza baieztatu du Israelek igandean) egindako bonbardaketa "desplazatuak hartzeko gune humanitario" gisa izendatutako gune jendetsu batean izan da, nahiz eta funtzionario israeldarrek "zehaztasun handiko erasoa" izan zela adierazi.

"Horrek erakusten du Gazan ez dagoela leku seguru bakar bat bera ere", salatu du Stephane Dujarricek, Guterres idazkari nagusiaren bozeramaileak, eta beste behin berretsi du su-eten humanitario "berehalakoa" behar dela, "premiaz eta baldintzarik gabe bahituak askatzearekin batera".

Adierazpen horiek bat datoz Francesca Albanese NBEk Palestinako Lurralde Okupatuetarako arduradunaren hitzekin. "Justifikazioa beti da bera: 'miliziano palestinarren aurkako erasoa' (...) Noiz geldituko du munduak heriotza-makina hau?", esan du X sare sozialeko bere kontuan.

Albisteak (2)