Itxi

AEB

Joe Bidenek Errepublikanoen Konbentzioaren eta Trumpen segurtasuna bermatzeko neurriak iragarri ditu

EITB Media

Leer en Castellano

Gainera, Trumpoen kontrako atentatua argitzen lagunduko duen ikerketa independente bat aginduko duela iragarri du. Herritarrei elkarrekin egoteko deia egin die, presidentearen arabera, "hilketa saiakera bat defendatzen dugun ororen kontra doa".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donald Trumpen aurkako atentatua "magnizidio saiakera" gisa definitu du igande honetan Joe Biden AEBko presidenteak eta bere lehiakide zuzena den hautagaiarentzat segurtasun maila altxatuko duela hitzeman du, eta bihar hasiko den Errepublikanoen Konbentzioan ere segurtasuna bermatzeko bere esku dagoena egingo duela agindu du. 

Etxe Zuriko Roosevelt aretotik egindako adierazpenetan, trumpen ustezko erasotzailearen arrazoien inguruan espekulaziorik ez egiteko eskatu die Bidenek estatubatuarrei. "Ikerketa hasierako faseetan dago. Ez dugu tiratzailearen arrazoiei buruzko informaziorik. Badakigu nor den. Mesedez, ez egin arrazoien eta afiliazioen inguruko espekulaziorik, utzi FBIri eta inteligentzia zerbitzuei beren lana egiten", adierazi du agintariak.

"Lehenik eta behin, Trumpek, Alderdi Errepublikanoaren hautagai izendatua den aldetik, dagoeneko segurtasun maila altua jaso dezan nahi dut", adierazi du Bidenek.

Trump ez da oraindik ofizialki Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia, eta, berez ez dagokio Zerbitzu Sekretuen segurtasun maila altu hori. Edonola ere, Trumpek, presidente ohi gisa, badu Zerbitzu Sekretuen babeserako eskubidea. 

Bigarren neurri gisa, Bidenek iragarri duenez, Kimberly Cheatle Zerbitzu Sekretuko zuzendariari "Errepublikanoen Konbentzio Nazionalerako segurtasun neurri guztiak" berrikusteko eskatu dio. Bihar hasiko da konbentzio hori Milwaukeen (Wisconsin) eta ostegunera arte iraungo du. 

Hirugarren neurri gisa, presidenteak ikerketa independente bat eskatu du larunbatean Butlerreko (Pennsylvania) mitinean izandako gertakarien inguruan.

Bidenek adierazi du Amerikan ez dagoela indarkeriarentzako lekurik. "Gauza askotan ados egon gaitezke edo ez, baina honelakoak ezin dira gertatu", azpimarratu du. Nabarmendu duenez, "hilketa saiakera bat defendatzen dugun ororen kontra doa", gaineratu du.

Agerraldia osatzeko, Trumpen aurkako tiroketan hildako Corey Comperatore suhiltzaile ohi eta ikuslearen familiari, doluminak eman dizkio eta zauritutako bi lagunen familiei babesa eman die.

Albisteak (2)

Bideoak (1)