Ameriketako Estatu Batuak
Trumpen aurkako agiri konfidentzialen auzia atzera bota dute, magnizidio saiakeratik bi egunera
Agentziak | EITB Media
Ailenn Cannon Floridako epaileak, Trumpen agintaldian izendatutakoak, hartu du erabakia. Trumpen aurkako lau kasuetako bat osorik artxibatzen duten lehen aldia da. Hala ere, AEBko fiskal nagusiak eta Justizia Depratamentuak apelazioa aurkeztea espero da.
Ailenn Cannon Floridako epaileak atzera bota du Donald Trump (2017-2021) presidente ohiari Etxe Zuritik dokumentu konfidentzialak eramatea leporatzen zion auzia.
Epaia Trumpen aurkako magnizidio saiakeratik bi egunera gertatu da, Butlerren (Pennsylvania) mitin bat ematen ari zela.
Trumpen aurkako lau auzi penaletako bat osorik artxibatzen duten lehen aldia da. Gainera, aste honetan, Milwaukeen, Errepublikanoen Konbentzio Nazionalean presidentegai izendatuko dute handi-mandia.
Trumpen agintaldian izendatutako epaileak argudiatu duenez, ikerketaren ardura zuen fiskal berezia, Jack Smith, ez zuten legez izendatu. Cannonen arabera, izendapenak "AEBko Konstituzioaren Izendapenen Klausula urratzen du".
Magistratu federalak 93 orrialdeko idatzi batean azaldu duenez, Smithen izendapenak ez zituen ohiko prozedurak jarraitu, besteak beste, Senatuaren baieztapena.
Gaineratu duenez, Kongresuak funtsezko zeregina du funtzionario berezien izendapenean, eta "paper hori ezin du usurpatu Botere Exekutiboak".
Helegitea aurkeztea espero da
Ez Justizia Departamentuak, ezta Merrick Garland AEBko fiskal nagusiak ere, ez dute iritzia eman, baina apelazioa aurkeztea espero da; izan ere, Trumpi kargua utzi ostean dokumentu sekretuak legez kanpo gordetzea leporatu zioten, eta, ondoren, gobernuak agiri horiek berreskuratzeko behin eta berriz egindako ahaleginak oztopatzea.
Truth sare sozialean, presidente ohiak pozik hartu du epailearen erabakia, eta bere kontrako auzi penal eta zibil guztiak atzera bota beharko liratekeela adierazi du, nazioaren "batasunaren" alde. Trumpek beste epaiketa batzuk ditu Washingtonen, Atlantan eta New Yorken.