AEB
Trumpek J.D. Vance senataria aukeratu du presidenteorde izateko hautagai
EITB MEDIA
AEBko presidente ohiak Truth Social sare sozialean argitaratutako mezu batean eman du bere erabakiaren berri. Gainera, Trumpek beharrezko babesa lortu du Milwaukeen, eta Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izendatu dute ofizialki.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donald Trump AEBko presidente ohiak astelehen honetan iragarri duenez, James David Vance (J.D. Vance) Ohioko senataria izango da azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetarako presidenteorde izateko hautagaia.
"Deliberazio eta hausnarketa luze baten ondoren, eta askoren talentu izugarria kontuan hartuta, Estatu Batuetako presidenteorde kargua hartzeko pertsonarik egokiena Ohio estatuko J.D. Vance senataria dela erabaki dut", adierazi du Trumpek Truth Social sare sozialean.
"Presidenteorde gisa, J.D.k gure Konstituzioaren alde borrokatzen jarraituko du, gure tropak babestuko ditu eta ahal duen guztia egingo du Estatu Batuak berriro handi egiten laguntzeko", idatzi du.
J.D. Vance Yaleko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean graduatu zen eta The Yale Law Journaleko zuzendaria izan zen. Trumpen arabera, presidenteorde izateko hautagaiak "enpresa karrera arrakastatsua izan du teknologian eta finantzetan".
Vance, 'Hillbilly Elegy' best selleraren egilea, Ameriketako Estatu Batuetako Senaturako aukeratu zuten 2022an, Trumpen bultzada jaso ostean. Azken urteotan, bere jarrera alderdiaren alderdirik gogorrenera hurbildu da, CNN telebista kateak jakitera eman duenez.
Alderdi Errepublikanoak formalki izendatu du Trump
Alderdi Errepublikanoak Donald Trump AEBko presidente ohia (2017-2021) izendatu du azaroko hauteskundeetarako hautagai, astelehen honetan, Milwaukeeko batzarrean.
Mitin batean hilketa saiakera izan eta bi egunera, alderdiko ordezkariek koroatu dute Trump azaroaren 5eko hauteskundeetan hautagai errepublikanoa izateko. Litekeena da Joe Biden egungo presidentearekin borrokatzea.
Estatu eta lurralde ezberdinak ordezkatzen dituzten ia 2.400 ordezkariek eman dizkiote botoak Trumpi.