Itxi

Frantzia

Macronek Attalen dimisioa onartu du, baina Gobernu berria osatu arte jardunean jarraitzeko eskatu dio

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bien bitartean, hauteskundeen irabazlea, Fronte Herritar Berria, erabat zatituta dago lehen ministro kargurako hautagai bateratua topatu ezinda.

Gabriel Attal Frantziako lehen ministroa, Eliseo jauregitik ateratzen. Argazkia: EFE

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Gabriel Attal buru duen Gobernuaren dimisioa onartu du gaur, baina Exekutibo berria osatu arte jardunean jarraitzeko eskatu dio.

Aldi hori "lehenbailehen itxi dadin, indar errepublikarrei dagokie elkarrekin lan egitea frantsesen zerbitzura dauden proiektu eta ekintzen inguruan elkargune bat topatzeko", adierazi du Eliseoak ohar batean. Batzarra 11:30ean hasi da Eliseoan.

Macronen koalizioa, Essemble, bigarren geratu zen hauteskundeetan eta, orain arte, ez ditu gehiengo osoa osatzeko babesak lortu.

Ezkerreko alderdi frantziarrek, aldiz, akordioa itxi dute Asanblea Nazionaleko presidente izateko hautagaitza bakarra lortzeko, Oliver Faure Alderdi Sozialistako buruak iragarri duenez. Hala ere, Faurek ez du hautagaiaren izena edo filiazioa eman nahi izan, lau alderdietako "talde parlamentarioetako presidenteei" dagokiela uste baitu, hautagaitza negoziatu dutenei, alegia.

Hala ere, Fronte Herritar Berriak, urrun du gobernatzeko aukera, ez baitu oraindik lehen ministro kargurako hautagai bateraturik topatu. Sozialistak, komunistak, ekologistak eta Frantzia Intsumisoa batera aurkeztu ziren hauteskundeetara Fronte Herritarraren baitan, eta hauteskundeetan garaile atera baziren ere, ez dira ados jartzeko gai izan. Azken orduetan, Melechon buru duen Frantzia Intsumisoak Laurence Tubianaren hautagaitza baztertu du. Bazkideek proposatu zuten izena, independentea zelakoan. 

Melechonen alderdiak errefusatu egin du. "Ez zait proposamen serioa iruditzen", esan du France 2 telebista katean Manuel Bompard alderdiko koordinatzaile nagusiak. Horren ustez, "Tubianaren hautagaitza onartzea kanporatu ditugun macronistak berriro bueltan izatea litzateke". 

73 urteko ekonomialaria da Tubiana, ekintzaile ekologista. Parisen egin zen COP21 klimaren goi bileran negoziatzaile aritu zen, besteak beste. 

Hori bai lehen, nahikoa gaiztotuta zeuden negoziazioak, eta Frantzia Intsumisoak bertan behera utzi zituen elkarrizketak, "blokeo politikoa" salatuta. Melechonen alderdiak sozialistak egin zituen egoeraren erantzule, Huguette Belloren hautagaitza baztertzeagatik. 

Hauteskundeen bigarren itzulitik, Fronte Herritar Berria osatzen duten lau indarrak akordioa itxi ezinda daude. Bi alderdi garrantzitsuenek, Frantzia Intsumisoak eta Alderdi Sozialistak, nork bere hautagaiari eusten dio.