Itxi

AEB

Presioa areagotu zaio Bideni hautagaitzari uko egin diezaion eta lekukoa beste pertsona bati eman diezaion

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Obamak bere gertuko zirkuluei esan die egungo presidenteak "serioski" aztertu behar duela bere hautagaitzaren etorkizuna. Nancy Pelosik, berriz, Trumpen aurka galduko duela esan dio Bideni.

Biden, Obama, Pelosi. EITB | EFE.

Joe Bideni egindako presioa areagotu egin da ekainaren amaieran Trump aurkari errepublikanoarekin aurrez aurreko eztabaida izan zenetik. Gutxienez 23 legegile demokratak (22 biltzarkide eta senatari bat) publikoki eskatu diote Bideni hautagaitzari uko egin diezaiola eta lekukoa beste pertsona bati eman diezaiola.

Barack Obama AEBko presidente ohiak (2009-2017) bere gertuko zirkuluei esan die egungo presidenteak "serioski" aztertu behar duela bere hautagaitzaren etorkizuna, The Washington Post egunkariak ostegun honetan argitaratu duenez.

Kazetaren arabera, Obamak uste du Bidenen garaipen aukerak "nabarmen murriztu" direla.

Nancy Pelosi AEBko Behe Ganberako presidente ohi eta eragin handiko demokraten buruzagiak Etxe Zurirako hauteskundeak galdu eta Kongresua berarekin eramango duela ohartarazi dio AEBko presidenteari, CNNk ostegun honetan jakitera eman duenez.

Bidenek Chuck Schumer Senatuko buruzagi demokratarekin eta Hakeem Jeffries (Pelosiren ondorengoa) Ganberako buruzagiarekin ere hitz egin du.

Schumerrek eta Jeffriesek Bideni ohartarazi diote bere hautagaitzak arriskuan jartzen duela Senatuko gehiengo demokrata, eta zaildu egiten duela Ordezkarien Ganbera berreskuratzea, The Washington Post egunkariaren arabera.

Hiru elkarrizketa horiek joan den astean izan ziren, Donald Trump presidente ohiaren aurkako hilketa saiakeraren aurretik, baina azken orduotan zabaldu dira AEBko hedabideetan.

Albisteak (1)