AEB
Batasunerako deia egin du Trumpek, eta, hunkituta, bere hautagaitza onartu du
Agentziak | EITB Media
Buruzagi errepublikanoak bere kontrako atentatuan bizitakoak xehetasunez kontatu ditu, emozio betean. "Burua mugitu izan ez banu, hiltzailearen bala barruraino sartuko zitzaidakeen eta ez nintzakete gaur gauean hemen egongo, ez ginateke elkarrekin egongo", aitortu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ohikoa duen tonu zakarra alde batera utzita, Donald Trump AEBko presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko hautagaiak batasunerako deia egin du errepublikanoen konbentzio nazionalean, eta bere hautagaitza onartu du. "Gure gizartearen zatiketa osatu behar dugu. Denen presidentea izango naiz", aldarrikatu du.
"Konfiantza, indar eta itxaropen beteko mezuarekin natorkizue (...) AEB osoaren presidentegaia izango naiz, ez biztanleriaren erdiarena, ez baita garaipenik erdia bakarrik lortuta", adierazi du belarrian benda agerian duela oraindik.
Milwaukeen (Wisconsin) astelehenean abiatu zuten Errepublikanoen Konbentzio Nazionalaren itxiera ekitaldian mintzatu da Trump. Batzarrak Etxe Zurirako presidentegaia (Trump bera) eta horren presidenteordea (J.D. Vance Ohioko senataria) izendatzea zuen helburu.
Hilketa saiakera oso presente egon da hitzaldian, eta askotan aipatu du larunbatean oihukatutako hitza: fight (borrokatu). Besoa askotan altxatu du, atentatu egunean bezala.
Une horiek zelan gogoratzen dituen ere kontatu du. "Oso mingarria da", onartu du. Azaldu duenez, bizirik badago, immigrazioari buruzko grafiko bat erakusteko burua mugitu zuelako da. "Burua mugitu izan ez banu, hiltzailearen bala barruraino sartuko zitzaidakeen eta ez nintzakete gaur gauean hemen egongo, ez ginateke elkarrekin egongo", aitortu du.
Une jakin batean, "soinu gogor bat" entzun zuen. "Neure buruari esan nion: 'Guau, zer gertatu da? Hau bala bat baino ezin da izan, eta nire eskuineko eskua mugitzean eta belarria ukitzean odola igarri nuen", azaldu du.
Ingurua odoleztatuta ikusi zuela adierazi du, baina "ez nintzen beldur izan, Jainkoa ondoan nuela atzeman bainuen".
Biden eta Harris aurkariak aipatu gabe
Buruzagi errepublikoanoak ez du Joe Biden AEBko presidentearen eta Kamala Harris presidenteordearen inguruko aipamenik egin, baina Alderdi Demokrata jomugan jarri du berriro. "Ez dugu disidentzia kriminalizatu eta ezberdintasun politikoa kritikatu behar. Hori da gure herrialdean ikusten ari garena azkenaldian, inoiz ez bezala. Alderdi Demokratak sistema judiziala arma gisa erabiltzeari utzi beharko lioke, eta aurkari politikoa demokraziaren etsaitzat hartzeari utzi beharko lioke", adierazi du.
Azaroko hauteskundeetan AEBk dituen arazoei heldu eta herrialdea "arrakastatsua, handia eta askea" izateko eginahalak egin beharko lituzketela esan du. "Politikak larregitan zatitzen gaituen honetan, denak kideak garela hartu behar dugu gogoan. Jainkoaren menpeko nazioa gara, zatiezina", erantsi du.
Gainerakoan, ohiko gaiak izan ditu hizpide: "migratzaileen inbasioa", Bidenen Administrazioak Gizarte Segurantzari egindako "kaltea" eta inflazioaren kontrako borroka. Lehenengoaren harira, iragarri du Mexikoko muga itxiko duela bere agintaldiko lehen egunean.