Itxi

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Begirada guztiak Kamala Harrisengan daude, baina nor da Kamala Harris?

EITB Media

Leer en Castellano

Egungo presidenteorde estatubatuarrak ordezkatuko du, ziurrenik, Joe Biden hautagai demokrata, horrek alderdiko presioen ostean kargua utzi ondotik.

Kamala Harris. Argazkia: EFE.

Joe Biden AEBko presidenteak iragarri du ez dela hauteskundeetara aurkeztuko eta Kamala Harris Ameriketako Estatu Batuetako egungo presidenteordearen aldeko botoa eskatu du datorren azaroaren 5eko hauteskundeei begira; bera izango da, ziurrenik, Bidenen ordezko hautagai demokratra. 

Baina, nor da Kamala Harris?

Harris Oaklanden (Kalifornia) jaio zen 1964ko urriaren 20an, etorkinen familia batean; jatorri indiarra du amaren aldetik eta jamaikarra aitarenetik.

Harrisen familia eskubide zibilen aldeko mugimenduan modu aktiboan parte hartzeagatik nabarmendu zen garai batean. Etxetik bertatik jasotako hezkuntzaren ondorioz, Harris lider nazionala izan zen LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko mugimenduan, eta sexu bereko pertsonen arteko Ameriketako Estatu Batuetako lehen ezkontza elizkizuna berak gidatu zuen.

Howardeko Unibertsitatean eta Kaliforniako Unibertsitateko Hastingseko Zuzenbide Eskolan graduatutako demokratak hainbat mugarri lortu ditu bere ibilbide politikoan; entzutetsuena, lehen emakume presidenteordea izatea. Horrekin batera, kargu horretan aritu den lehen indoamerikarra ere bada.

Presidenteordea konfiantzazko aliatua izan da Joe Biden presidentearentzat bere agintaldian, bai proposamen ekonomikoetan, bai enpresa txikien sorkuntzan, eta baita enplegua sustatzen ere.

Zantzu guztien arabera, Alderdi Demokrataren hautagai berria izango denak, beraz, Ameriketako Estatu Batuetako lehen emakumezko presidentea izateko aukera izango du hauteskundeetan.