Itxi

AEB-ko hauteskundeak

Kamala Harrisek presidente izateko bere hautagaitza aurkeztu du, Joe Bidenek atzera egin ondotik

EITB MEDIA

Nolanahi ere, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak babesa bilatu beharko du oraindik abuztuan egingo den demokraten batzarrean izendapena irabazteko.

Kamala Harris AEBetako presidenteordea artxiboko irudi batean

Bidenek presidentegai izateko hautagaitzari uko egingo diola iragarri ostean, presidentearen eta Kamala Harris presidenteordearen hauteskunde-kanpainako batzordeak Hauteskunde Batzorde Federalaren dokumentuak aldatu ditu igande honetan. Dena dela, Harrisek izendapen hori lortzeko demokraten babesa eskuratu beharko du datorren abuztuan egingo den Konbentzio Nazionalean.

"Harris presidenteordea da orain AEBko presidentegaia 2024ko hauteskundeei begira, eta aurrerantzean kargu horri dagozkion kanpainako jarduerak egingo ditu", dio dokumentuak, CNN telebista kate estatubatuarrak zehaztu duenez. Nolanahi ere 95,9 milioi dolar (88 milioi euro inguru) dituen Biden-Harris kanpainako funtsak erabiltzen jarraitu ahal izango dute baldin eta Harrisek alderdiaren babesa lortuko balu.

Espero zen eta etorri da. Joe Bidenek atzera egin eta Estatu Batuetako presidentetzarako lehia utzi du igandean. Gutun bidez eta X sarean (Twitterren) jakinarazi du erabakia 'gizartea eta alderdi demokrataren hobebeharrez hautagaitzari uko egin diola' adieraziz eta Kamala Harris presidenteordearengan jarri du konfiantza, Donald Trumpen aurkari berria izan dadin.

Erabakia, dena den, ez dago Bidenen esku, eta demokratek ez dute pentsatzeko asti askorik: izan ere, hilabete barru, abuztu amaieran, presidentea aukeratzeko konbentzioa (batzarra) egitekoa dute. Hala, bakoitza kokatzen hasi da, eta batzuk dagoeneko eskaini diote babesa Harris, esaterako, Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak. Horren aburuz, ez dago Harris baino hautagai "hoberik". 

Bill eta Hilarry Clintonek ere babesa eskaini diote presidenteordeari, eta Alderdi Demokratako 50 estatuetako presidenteek ere babestu dute honezkero Harrisen hautagaitza.

Beste batzuk, baina, isilik daude, eta ez dute babes espliziturik eman, tartean Chuck Schumer Senatuko buruzagiak, Nancy Pelosi Ganberako presidente demokrata ohiak eta Barack Obama presidente ohiak.

Abuztu bukaeran egingo duten konbentzioan egingo dute ofizial hautagaiaren izendapena, baina ordu honetan ez dirudi Harrisek arazo handirik izango duenik izendapena lortzeko.

Etxe Zuriak azaldu du erabakiak ez duela zerikusirik Bidenen osasun egoerarekin. Gogoratu behar da presidenteak kanpaina geldiarazi zuela iragan astean covid-19an positibo eman zuelako, eta hautagaitza erretiratzeko aukerari atea ireki ziola presidenteak, mediku batek hala esango balio.

Albisteak (3)