Texas
'El Mayo' Zambada, Sinaloako kartelaren sortzaileetako bat, atxilotu dute AEBn
Agentziak | EITB Media
Agintarien jomugan zeuden duela zenbait hamarkada. Zambadarekin batera, Joaquin Guzman zegoen, 'El Chapo' Guzmanen semeetako bat, eta hura ere atxilotu dute. Besteak beste, fentaniloa ekoiztea eta horrekin trafikatzea leporatzen diete.
AEBk Sinaloako kartelaren buruzagi eta sortzaileetako bat atxilotu du ostegunean: Ismael 'El Mayo' Zambada. Hainbat hamarkada ibili dira Zambadaren atzetik, eta 15 milioi euroko ordainsaria eskaintzen zuren agintariek, Justizia Departamentuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Zambadarekin batera, Joaquin Guzman Lopez ere atxilotu dute, 'El Chapo' Guzmanen semeetako bat.
Departamentuaren arabera, "biek hainbat delituri egin beharko diete aurre Estatu Batuetan, kartelaren ekintza kriminalak gidatzeagatik, baita fentaniloa ekoitzi eta horrekin trafikatzeagatik ere".
"Fentaniloa gure herrialdeak borrokatu behar izan duen droga hilgarriena da, eta Justizia Departamentuak ez du atsedenik hartuko gure herritarrak pozointzen dituzten kartelekin lotuta dauden buruzagi, kide edo laguntzaileek egindakoa ordaindu arte", gaineratu dute bertan.