Itxi

HAUTESKUNDEAK VENEZUELAN

Venezuelak hautetsontzietan erabakiko du Maduro berrestea edo presidente berria aukeratzea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Chavismoak dio emaitzak onartuko dituela Madurok hauteskundeak galduz gero.

Veneluezako herritar bat, hauteskundeetan parte hartzen. Argazkia: EFE

06:00etan ireki dituzte Venezuelako hauteslekuak, Euskal Herrian 12:00ak zirenean, Nicolas Maduro presidente berresteko edo Edmundo Gonzalez agintean jartzeko. 

Gonzalezen garaipen batek Miraflores Jauregiko ateak irekiko lizkioke oposizioari, Hugo Chavezen Bolibartar Iraultzaren garaipenetik 25 urtera. 14 urtez gobernatu zuen herrialdea ondoren, 2013an hil zen arte. 70 urte beteko zituen gaur bertan.

Hauteskunde Kontseilu Nazionalak agindu bezala, hauteskunde hauetarako atondutako 15.767 hauteslekuetako batzuk aurreikusitako orduan ireki dituzte.

Venezuelarrek ilara luzeak egin dituzte bozkalekuen kanpoaldean, herrialdearen barnealdeko zenbait eskualdetan, eta horietako batzuetan hautesleak larunbat gauetik izan dira zain.

Araudiaren arabera, 30.000 hauteskunde-mahai baino gehiago egongo dira irekita 12 orduz, etenik gabe, eta hautesleak ilaran botoa emateko zain dauden bitartean ez dituzte itxiko.

Presidentegaiak hauteskunde libre eta bidezkoak agindu ditu, eta, horren esanetan, "legeak, erakundeek, borondateak eta subiranotasun nazionalak irabaziko dute", hauteskunde eguna "bedeinkatua" baita.

Madurok hautetsontziak ireki baino 20 minutu lehenago iragarri du "Chavezen egun polita, herriarena, Bolibartar Iraultzarena eta bakearen garaipenarena" izango dela gaurkoa. Bozkatzera joan denean, Madurok emaitzak errespetatuko dituela hitzeman du, eta hala egiteko eskatu die gainerako alderdi eta hautagaiei ere: 

Chavismoak emaitzak onartuko ditu Nicolas Maduro hautagaiak igande honetan hauteskundeak galduz gero, Diosdado Cabello Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko (PSUV) lehen presidenteordearen hitzetan.

Maria Corina Machado oposizioko buruak (Hauteskunde Kontseilu Nazionalak inhabilitatu egin du) "indarrez, pozez eta konbentzimenduz" bozkatzeko deia egin du, eta "ereserki nazionala mundu osoan entzutea" nahi duela adierazi du. "Lortuko dugu", idatzi du X sarean.

Oposizioaren hautagaiak ere botoa eman du, eta boto-paper guztiak defendatuko dituztela ziurtatu du.

1.280 venezuelar daude botoa ematera deituta Bilboko hauteslekuan

Bestalde, Euskal Herrian eta inguruetan bizi diren 1.280 venezuelar daude botoa ematera deituta Bilboko hauteslekuan.

Venezuelarren plataformak salatu duenez, 25.000 izan beharko lirateke, eta nazioartearen babesa eskatu dute botoen zenbaketa ziurtatzeko eta emaitzak bermatzeko.

Albisteak (1)