EKIALDE HURBILA
Libanoren eta Israelen arteko gatazka fase berri batera igaro da Majdal Shamsen aurkako erasoaren ostean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelek bonbardaketak egin ditu Libano hegoaldean eta "erantzun gogorra" prestatzen ari da Hezbollahren aurka. Libanoko Gobernuak, baina, ez du uste Hezbollahren "eraso zuzen bat" izan denik. Bien bitartean, Golango gainetan, Majdal Shamsen, milaka lagunek hartu dute parte hildakoen hiletan.
Israelek zazpi eskualde bonbardatu ditu Libanoko barnealdean eta hegoaldean, atzo Golango gainetan izan zen erasoari emandako lehen erantzunean. Israelek Hezbollah Libanoko talde xiitari egotzi dio 12 haur eta gazte hil dituen erasoaren ardura, eta "ondorio gogorrak" iragarri ditu.
Egoeraren larritasunaren aurrean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak aurreratu egin du AEBko itzulera, eta gaur eguerdian iritsi da Tel Aviveko aireportura. Handik Kiryako basera joan da "egoeraren ebaluazioa" egiteko, eta, ondoren, kabinete politikoa eta segurtasun kabinetea deitu ditu "hurrengo urratsak erabakitzeko".
"Hezbollahk gogotik ordainduko du", ohartarazi zuen bart Netanyahuk. AEBk ere, Blinkenen hitzetan, Hezbollah izan dela uste du, baina talde xiitak behin eta berriro esan du ez duela eraso horrekin zerikusirik.
Libanoko Gobernuak ere ez du uste gertatutakoa Hezbollahren "eraso zuzena" izan zenik. Libanoko Atzerri ministro Abdala Bou Habibek baztertu egin du "Hezbollahk Majdal Shamsen aurkako erasoa egin izana, gatazka hasi zenetik ez baitu zibilen aurka tiro egin, posizio militarren aurka baizik".
Ministroak beste aukera batzuk jarri ditu mahai gainean, hala nola eraso hori "beste erakunde batzuen lana izatea, Israelen akats bat edo Hezbollahren akats bat". Hori dela eta, nazioarteko ikerketa abiatzeko eskatu du, eta "FINULen bidez (NBEk Libanon duen misioa) hiruko batzordea biltzea", gertatutako argitzeko.
Siriako Atzerri Ministerioak, berriz, Israel jo du erasoaren erantzule. "Israelgo okupazio erakundeak krimen latza egin zuen atzo Majdal Shamsen, 1967tik Sirian okupatu dituen Golango gainean, eta gero Hezbollahko erresistentzia nazionalari egotzi zion bere krimenaren errua", salatu dute.
Haurren hiletan txistuka hartu dituzte ministro israeldarrak
Milaka herritar, gehienak beltzez jantzita zeuden drusoak, bildu dira hildakoen hiletan.
"Atzoko izugarrikeriaren irudiak ez dira inoiz ezabatuko", esan du Sheikh Mowafaq Tarif buruzagi espiritual drusoak azken agurrean, eta "larunbat ilun hori guztien oroimenean grabatuta geratuko da betiko", erantsi du.
Benjamin Netanyahuren Gobernuko ministroetako batzuk, Bezalel Smotrich Finantza ministroa eta Nir Barkat Ekonomia ministroa, besteak beste, txistuka eta oihu artean hartu dituzte bertan bildutakoek.
"Bederatzi hilabetez abandonatu gaituzue eta orain hemen zaudete", oihukatu dute manifestarietako batzuek, Times of Israel Israelgo egunkariak jaso duenez.
Egiptok esku hartzeko eskatu dio nazioarteari, eskualdean gerra saihesteko
Egiptok "berehala" esku hartzeko eskatu die nazioarteko "indar eragingarriei", Israelen eta Hezbollahren arteko gatazka heda ez dadin. Izan ere, egoerak okerrera eginez gero, eskualde osoa hartuko lukeen gerra egoera piztu daitekeela ohartarazi du Egiptoko Atzerri eta Migrazio Ministerioak.
"Egiptoko Errepublika Arabiarrak Libanon gerra-fronte berri bat irekitzearen arriskuez ohartarazten du, Siriako Golan okupatuko Majdal Shams herrian gertatu berri diren gertakariak direla eta, eskualdea gerrara eraman dezakeena", adierazi du Egiptoko ministerio horrek ohar baten bidez, eta "Libano, bere herria eta bere erakundeak babestu eta gerra saihestu" behar dela azpimarratu du.
Egiptok, halaber, Israelek Gazako Zerrendaren aurkako gerra amai dezala eskatu du.
Hain zuzen ere, igande honetan bilera egingo dute Erroman Israelgo, Ameriketako Estatu Batuetako, Egiptoko eta Qatarko inteligentzia zerbitzuetako buruek (azken hiru horiek dira bitartekariak) Gazako Zerrendan su-etena lortzeko akordio bat negoziatzeko.