EKIALDE HURBILA
Netanyahuk ohartarazi du Majdal Shamseko erasoari "gogor" erantzungo diola Israelek
EITB MEDIA
Israelgo Segurtaun Kabineteak "baimena" eman zion atzo iluntzean Netanyahuri, "Hezbollah taldearen kontrako erasoa erabakitzeko". Israelgo lehen ministroak Golango herria bisitatu du, eta oihu artean hartu dute.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi eta garbi esan du larunbatean Majdal Shams hiri drusoan izandako erasoak ondorioak izango dituela, eta ez hori bakarrik, erantzuna "gogorra" izango dela ere gaineratu du. 12 adin txikiko hil ziren erasoan.
"Hezbolak, Iranen babesarekin, Irango koheteekin eraso egin du eta hamabi arima garbiren bizitzak eraman ditu. Futbolean jolasten ari ziren eta, zoritxarrez, ezin izan ziren garaiz babestu. Nire bihotza bitan zatituta dago tragedia honengatik. Senitartekoei gure maitasuna eman nahi diegu, sufrimendu une argigarri bat igarotzen ari baitira", adierazi du erasoa gertatu zen herritik.
Majdal Shams Galango garaietan dago, Israelek 1967tik okupatuta duen Siriako lurraldean. Oso gertu dago Libanoko mugatik. Bertako herritarrak drusoak dira.
Erasoaren berri izan orduko, Netanyahuren Gobernuak nola erantzungo duen izan da nazioartean kezka. Atzo bertan, Israelgo Segurtasun Kabineteak "baimena" eman zion Netanyahuri, "Hezbollah taldearen kontrako erasoa erabakitzeko".
Israelek Hezbollah talde xiitari leporatu badio ere gertatutakoaren egiletza, azken horrek ukatu egin du akusazioa. Estatu Batuetako agintariek ere talde xiita jo dute errudun.
Gaur goizean joan da lehen ministro israeldarra Golango Gainetara, erasoaren lekua ikustera, eta bertako bizilagunek irainka hartu dute. Bertakoek "gerra kriminala" eta "koldarra" deitu diote.