Libano
Israelek Beiruten egindako eraso batek emakume bat hil eta 68 pertsona zauritu ditu
Agentziak | EITB Media
Zaurituetako batzuk egoera kritikoan daude. Beirut hegoaldeko Haret Hreik auzoko ospitale batetik gertu dagoen eraikin batean gertatu da Israelen erasoa. Tripulaziorik gabeko aireontzi batek hiru kohete jaurti ditu Al Rabiaa izeneko eraikinaren kontra.
Israelgo Armadak Beiruten (Libano) eraso bat egin duela onartu du gaur, hori bai "selektiboa" izan dela zehaztu du. Helburua Hezbollah milizia xiitako komandante bat izango litzateke, baina erasoan gutxienez emakume bat hil du.
Gainera, 68 pertsona zauritu ditu, horietako batzuk egoera kritikoan, Libanoko Albisteen Agentzia Nazionalak jakitera eman duenez.
Beirut hegoaldeko Haret Hreik auzoko ospitale batetik gertu dagoen eraikin batean gertatu da Israelen erasoa. Tripulaziorik gabeko aireontzi batek hiru kohete jaurti ditu Al Rabiaa izeneko eraikinaren kontra.
Fuad Shukr Hezbollahko komandantea, Hasan Nasrala erakunde bereko buruzagiaren goi aholkularia eta taldeak Libanon egindako operazio militarren arduradun nagusia, izango litzateke erasoaren jomuga, The Times of Israel egunkariak azaldu duenez.
Israelgo hamabi zibil druso, gehienak adingabeak, hil zituzten igandean Majdal Shamsen, Israelek okupatutako Siriako Golango Gainetan, Israelen arabera, Hezbollahk Libanotik jaurtitako Irango kohete batekin. Hezbollahk, ordea, edozein inplikazio ukatu du.