IRAN
Ismail Haniyeh Hamaseko burua hil dute Teheranen, Israelek egindako eraso batean
Agentziak | eitb media
Israelgo Gobernuak aitortu du erasoaren egiletza, baina gero mezua ezabatu du. Haniyeh atzo joan zen Irango hiriburura, presidente berriaren inbestiduran parte hartzera. Buruzagiaren gorpua bihar, osteguna, eramango dute Teheranetik Dohara, eta ostiralean hileta-elizkizuna egingo dute bertan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ismail Haniye Hamas talde islamiarreko burua hil dute Teheranen, Israelek egindako eraso batean. Bisita ofizialean zegoen Haniye Irango hiriburuan; Masud Pezeshikian herrialde horretako presidente berriaren inbestidura saiora joana zen. Haniyeren bizkarzain bat ere hil da atentatuan. Israelek jada aitortu du egiletza, eta "eraso zehatz" bat izan dela ziurtatu du, baina gero mezua ezabatu du.
Hamaseko buruzagi politikoaren gorpua bihar, osteguna, eramango dute Teheranetik Dohara, eta ostiralean hileta-elizkizuna egingo dute bertan, Lusailera (Qatar) behin betiko eraman aurretik. Dohara eraman aurretik, goizean, "hileta herrikoi eta ofiziala" egingo dute Irango hiriburuan, talde islamistak ohar batean iragarri duenez. Dohako ekitaldira, berriz, buruzagi arabiarrak eta islamiarrak joango direla esan du Hamasek, baina ez du zehaztu nortzuk izango diren bertan.
Goizaldean igorritako agiri batean, Hamasek bere buruzagiaren heriotza baieztatu du, eta jarraitzaileei esan die "Alaren ondoan bizirik" jarraituko duela. Halaber, hilketa hau erantzunik gabe ez dela geratuko ziurtatu du.
Qatarren bizi zen Haniyeh, exiliatuta. 2017tik Hamas taldearen arduradun politiko nagusia zen. Joan den apirilean, haren hiru seme eta zenbait biloba hil zituen Israelek, Gazan egindako eraso batean.
Bestalde, Hezbollah talde xiita libanoarrak jakinarazi du bere komandante Fuad Shukr, atzo, Israelek Beirut kanpoaldean bonbardatutako eraikinean zegoela. Nolanahi ere, oraindik haren heriotza ez dute baieztatu. "Erasoaren unean, Fuad Shuksr gure anaia handia eraikinaren barruan zegoen", dio Hezbollahk zabaldutako oharrak.
Azken egunotan, Israelek Shukr jo du Majdal Shamsen izandako erasoaren erantzule. Joan den larunbatean, 12 adin txikiko hil zituzten, Israelek okupatuta dituen Golango Gainetako lurretan izandako atentatuan.
Iazko urriaren 7an Hamasek Israelen kontrako erasoa egin zuenean lehertu zen gerra; 1.200 israeldar hil eta 250 bahitu zituen talde armatuak. Ordutik, Israelen erasoek ez dute etenik; 39.400 palestinar baino gehiago hil ditu Gazako Zerrendan.
Azken hilabeteotan, gainera, gerra zabaltzen ari da, eta Erresistentziaren Ardatza delakoa osatzen duten beste talde batzuk batu dira, Israelen erasoei aurre egiteko; tartean, Libanoko Hezbollah eta Yemengo milizia huthiak.