Venezuela
AEBko Gobernuak Venezuelako oposizioari aitortu dio igandeko hauteskundeetako garaipena
Agentziak | EITB Media
Antony Blinken Estatu idazkariaren esanetan, Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaiak hauteskundeak irabazi zituela erakusten duten "ebidentzia nabarmenak" daude, eta Nicolas Madurok bere garaipena berresteko frogarik ez duela nabarmendu du.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Edmundo Gonzalez Venezuelako oposizioko hautagaiari aitortu dio igandeko hauteskundeetako garaipena, "ebidentzia nabarmenak" daudelakoan. Aitzitik, Nicolas Madurok bere garaipena berresteko frogarik ez duela nabarmendu du.
"Ebidentzia ikaragarriak ikusita, Ameriketako Estatu Batuentzat argi dago Edmundo Gonzalez Urrutiak lortu zituela boto gehien Venezuelako presidentea aukeratzeko uztailaren 28ko hauteskundeetan", adierazi du Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak ohar baten bidez.
AEBko diplomaziaburuaren esanetan, "Madurok kontrolatutako" Hauteskunde Kontseilu Nazionalak egindako iragarpena "akastuna" izan zen, eta "ez du Venezuelako herriaren borondatea erakusten".
Hauteskunde Kontseilu Nazionalak aurkeztutako lehen txostenaren arabera, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak irabazi zituen igandeko hauteskundeak, botoen % 51,2 (5.150.092 boto) eskuratuta. Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioaren buruak, berriz, 4.445.978 boto lortu ei zituen, hau da, botoen % 44,2.
Halaber, Blinkenek bere egin ditu Carter Zentroak (Venezuelako hauteskundeetan behatzaile lana egin zuen) ateratako ondorioekin. Aipaturiko taldearen hitzetan, hauteskunde prozesuak "ez ditu bete nazioarteko estandarrak", eta, hortaz, "ezin da demokratikotzat jo".
Bestalde, Blinkenen hitzetan, oposizio "demokratikoak" hauteslekuetatik jasotako akten % 80 baino gehiago argitaratu ditu, eta Gonzalezen garaipena erakusten dute.