Venezuela
Hauteskundeetako aktak hiru egunetan entregatzeko eskatu dio Auzitegi Gorenak Hauteskunde Batzorde Nazionalari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hauteskundeetako emaitzen aurkako hainbat martxa izango dira gaur Caracasen, Maria Corina Marchado oposizioko kideak deituta. Nicolas Maduro presidentearen hitzetan, "oposizioko komandoek atentatua egin nahi dute" hiriburuan.
Joan den uztailaren 28an Venezuelan izandako hauteskundeetako aktak eskatu dizkio Venezuelako Auzitegi Gorenak Hauteskunde Batzorde Nazionalari. Hiru eguneko epea eman dio, eta eguneko 24 orduetan zabalik egongo den bulego bat prestatu du horretarako.
Hauteskunde Batzorde Nazionalaren "sistema informatikoaren aurka salatutako eraso zibernetikoarekin lotutako eta hauteskundeetako emaitzak transmititzea eragotzi zuten froga-elementu guztiak" eskatu ditu Venezuelako Justiziak, "gertaera publiko eta nabarmena" dela arrazoituta.
Astelehenean lehen emaitzak ezagutu ondoren, oposizioa berehala atera zen bere garaipena aldarrikatzera, esanez botoen % 70 baino gehiago lortu zituela. Gainera, nazioarteak babestutako aktak zenbatzeko eskatu zuen.
Manifestazioak Caracasen
Bestalde, hauteskundeetako emaitzen aurkako hainbat martxa izango dira gaur Caracasen, Maria Corina Marchado oposizioko kideak deituta. Nicolas Maduro presidentearen hitzetan, "oposizioko komandoek atentatua egin nahi dute" hiriburuan.