KRISIA VENEZUELAN
Milaka lagun kalera atera dira Venezuelan hauteskunde emaitzen aurka
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Milaka manifestarik harrera egin diote Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruari Caracasen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagunek protesta egin dute larunbat honetan Venezuelako hainbat hiritan, Anaco, Cagua, Maracay, Valencia, Cumana, Barinas eta Maracaibo hirietan, besteak beste, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako hauteskunde emaitzen aurka.
Oposizioko koalizio handienak, Plataforma Unitario Demokratikoak (PUD), deitutako protestak normaltasunez eta gorabehera aipagarririk gabe egin dira hiri gehienetan, salbuespenak salbuespen.
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruari harrera egin diote milaka manifestarik Caracasen, hilko duten beldur dela adierazi ostean.
Machadok "borroka baketsu eta zibikoa" egitearen alde egin du, uztailaren 28ko hauteskundeak "mugarri" izan zirelako eta Karibeko nazioan "demokraziarako trantsizioa" hasi delako, bere esanetan.
Machadok nabarmendu egin du kalera atera diren herritarren indarra, nahiz eta astelehen eta astearte bitartean izandako manifestazioen aurkako errepresioa izan.
Oposizioko alderdi nagusiak eskatuta egin den bigarren manifestazio handia izan da honakoa, eta Edmundo Gonzalez Urrutia presidentegaiak hauteskundeak tarte handiz irabazi izana salatu dute.
Chavismoaren esanetan, berriz, oposizioak herritarren esku jarritako dokumentazioa ez da benetakoa.