Ekialde Hurbila
Indarkeriak ez du etenik Ekialde Hurbilean, Haniyehren hilketari Iranek emango dion erantzunaren zain
EITB MEDIA
Ziurgabetasun egoera horren aurrean, ehiza-hegazkin eskuadroi bat bidali du AEBk zonaldera, eta hegazkin konpainia nagusiek bertan behera utzi dituzte Beirut eta Tel Aviverako hegaldiak. Bien bitartean, Israelek Gazako Zerrenda bonbardatzen jarraitu du goizaldean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Indarkeriak gora egiten jarraitzen du azken orduetan Ekialde Hurbilean, Ismail Haniyeh Hamaseko buruzagiaren hilketagatik Iranek eman dezakeen erantzunaren aurrean tentsioa areagotzen ari den bitartean.
Gauzak horrela, gutxienez bederatzi palestinar hil dira Gazako Zerrendan azken orduetan, horietako sei Deir al-Balah hiriko errefuxiatuen eremuan, drone batek ospitale bateko patioa bonbardatu ostean. Erasoaren ondorioz, sutea piztu da desplazatuak bizi ziren kanpin-dendetan. Jabalia eta Nuseirat eremuak ere bonbardatu ditu Israelek.
Bestalde, Libanok 30 kohete jaurti ditu Israelgo iparraldera, baina gehienak Israelgo aireko defentsa-sistemek geldiarazi dituzte.
Ziurgabetasun egoera horren aurrean, ehiza-hegazkin eskuadroi bat bidali du AEBk zonaldera, eta hegazkin-ontzi bat Mediterraneora. Gainera, AEBk, Erresuma Batuak, Jordaniak, Suediak eta Argentinak Libano uzteko gomendatu diete herritarrei, eta hegazkin konpainia nagusiek bertan behera utzi dituzte Beiruterako eta Tel Aviverako hegaldiak.