OLINPIAR JOKOAK
Parisek agur esan die Olinpiar Jokoei, eta Los Angelesi eman dio lekukoa
Agentziak | EITB Media
9.000 kirolarik eta 71.500 ikus-entzulek Saint Denis estadioa lepo betetzen zutela, bart amaitu dira Frantziako hiriburuan Olinpiar Jokoak, distira handiz. Hollywoodeko film baten antzera, kable batetik zintzilik agertu da Tom Cruise AEBko aktorea, bandera olinpikoa hartu du eta motorrean joan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hollywoodeko pelikulen tankeran esan zien atzo 'agur' Parisek Olinpiar Jokoei, erakustaldi futuristarekin, eta historian iltzatuta geratuko dira hiria aire libreko estadio bihurtzen egindako ahalegin anbiziotsuagatik.
Stade de Francen izan zenItxiera Zeremonia, 9.000 kirolarirekin eta teknikarirekin, eta 71.500 ikus-entzule baino gehiago harmailak betez. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Los Angeles 2028ren antolatzaileen esku utzi zuen olinpiar zuzia.
Tuilerietako lorategian hasi zen zeremonia, pebetontziaren azpian, eta Zaho de Sagazan abeslariak "Spus le ciel de Paris" abestu zuen, Edith Piafek eta Yves Montandek bere garaian ezagun egin zuen abestia, hiriaren izpiritua goratzen duen kantu hunkigarria.
Ondoren, publikoaren txalo eta animo oihuen artetik atera zen Joko hauen heroi frantziarra, Leon Marchand igerilaria, lau urrezko domina eta brontzezko bat eskuratu dituena, sua pebetontzitik hartu eta estadiora eramateko.
Marchan sua itzaltzen. Argazkia: EFE
Baina lau urte barrurako espero den Hollywoodeko showaren aurretik, Parisko Itxiera Zeremonian Phoenix taldearen pop eta elektronika kontzertua izan zen, Kavinsku, Angele, Air eta VannDa artisten laguntzarekin, besteak beste.
Thomas Bach Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidenteak esan zuen Paris 2024 "aro berri bateko lehen Joko Olinpikoak" izan direla, eta azpimarratu zuen atleta olinpikoei esker "Argiaren Hiriak inoiz ez bezala" egin duela "dir-dir".
Bachen hitzaldiaren ostean, Anne Hidalgo Parisko alkateak Karen Bass Los Angeleskoaren esku utzi zuen bandera olinpikoa, hurrengo Olinpiar Jokoen egoitzarekin eskualdatzea irudikatuz.
Orduan hasi zen ikuskizunaren alderdi zinematografikoena. Tom Cruise aktore estatubatuar ezaguna estadioaren goialdetik jaitsi zen kable bati lotuta, eta bandera olinpikoa hartu eta motorrean atera zen, Red Hot Chili Peppersen "By the way" abestiaren doinuekin hegazkin batetik salto egin aurretik.
Azkenean, Tuilerietatik iritsitako zuzia itzaldu egin zen, eta Bachek, "bihotza emozioz beterik", amaitutzat eman zituen 2024ko Parisko Joko Olinpikoak. Lau urte barru guztiek Los Angelesen bat egiteko deia egin zuen.
Zeremonia amaitzeko, frantziarrek keinua egin zieten AEBei Yseult abeslari frantziarrak "My way" kantatu zuenean.
Macron Olinpiar Jokoen balantzea egiten. Argazkia: EFE
"Antolakuntzaren, segurtasunaren, kirolaren eta herritarren arrakasta"
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eskerrak helarazi nahi izan dizkie Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu duten guztiei, "antolakuntzaren, segurtasunaren, kirolaren eta herritarren arrakasta" izan dela iritzita.
Eliseo Jauregiaren lorategian antolatutako eskertza ekitaldian, Macronek hitz onak besterik ez ditu eduki uztailaren 26tik abuztuaren 11ra izan diren Olinpiar Jokoei buruz.
"Ikusiko dugu ea nor den horrelako Jokoak antolatzeko gai", adierazi du harrotasunez, Jokoak atzo amaitu zirela, baina "oinordetza" geratuko dela azpimarratu aurretik.
Horren harira, berretsi du "Olinbiar Joko iraunkorrak eta parekideak" egin dituztela, eta horrek denboran iraungo duela.
Hitzordu olinpikoari eta 1.400 milioi euroko inbertsioari esker Sena ibaia Parisen garbitu egin dutela ere aipatu du, eta Marne ibaia ere sartu du prozesu horretan, laster bainatzeko moduan egongo baita.