Itxi

Sutea Grezian

Pertsona bat hil da Grezian, Atenas mehatxupean duen sutean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

62 urteko emakume bat da zendutakoa, hilotz topatu dute Vrilissia herriko (hiriburuaren kanpoaldean) lantegi batean. Sutea tarteko, 50.000 pertsona ebakuatu dituzte dagoeneko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Igandean Grezian piztutako baso suteak kontrolik gabe aurrera egiten jarraitzen du, eta garrak Atenas hiriburura gerturatzen ari dira. Hain justu, garrek lehen heriotza eragin dute, Vrilissia herrian (Atenas kanpoaldean). 

62 urteko emakume bat da hildakoa. Horren gorpua udalerriko lantegi batean topatu dute. "Ez dakigu zergatik ez zuen lekua utzi gainerako lankideekin batera", deitoratu du enpresaburuak ERT telebista kateari egindako adierazpenetan.

Suak gutxienez 10.000 hektarea erre ditu eta dagoeneko 50.000 pertsona atera behar izan dituzte beren etxeetatik. Bien bitartean, Greziako Gobernuak laguntza eskatu dio Europar Batasunari 40 kilometro zabal den sutea itzaltzeko.

700 suhiltzaile, 200 kamioi, 17 hegazkin eta 15 helikoptero etenik gabe ari dira lanean, garrak gehiago zabaltzea ekiditeko.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak X sare sozialean iragarri duenez, Europar Batasuneko lau estatuk lurreko eta aireko baliabideak bidaliko dituzte Greziara sua itzaltzen laguntzeko. Zehazki, Italiatik bi hegazkin eta Frantziatik helikoptero bat bidaliko dituzte, eta Txekiako eta Errumaniako suhiltzaileak gaur iritsiko dira Greziara.

Egoera bereziki zaila izan da Atenas erdigunetik 13 kilometro iparraldera dauden Vrilisian eta Jalandrin, dozenaka etxebizitza eta enpresa kiskali baitira.

Suhiltzaileak inguru horretan, Nea Penteli eta Palia Penteli udalerrietan ari dira jartzen indarrak. Azken horietan, egoitzak, negozioak eta ikastetxe bat erre dira.

13 pertsona artatu dituzte arnasa hartzeko arazo arinengatik. Halaber, suhiltzaile bat ospitaleratu dute oinetan eta eskuetan izandako "erredura larriengatik" eta beste suhiltzaile bat artatu dute erredura arinekin.

Eguraldiaren baldintzak sua itzaltzeko lanak zailtzen ari dira. Haizea indartsu dabil eta inguruko landaredia, pinuak eta gorostiak batez ere, azkar erretzen ari dira. Horri guztiari, herrialdeak bizi duen lehortea gehitu behar zaio.

Azken urteetan Atenas kanpoaldean suteak ohikoak badira ere, lehen aldia da garrak hiriburuaren erdigunera hainbeste gerturatzen direla.

Iaz, suak 160.000 hektarea erre zituen Grezian, eta 28 pertsona hil ziren suteen ondorioz.

Bideoak (2)