Gaza, erasopean
Israelek gutxienez 40.000 pertsona hil ditu Gazan, duela 10 hilabete erasoaldia hasi zuenetik
Agentziak | EITB Media
Gainera, hondakinen artean 10.000 hilotz inguru daudela uste da. Bien bitartean, Israelek Gaza erasotzen jarraitzen du eta Jan Yunis ebakuatzea agindu du. Bestalde, Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak iragarri du Gazara joango dela, beste buruzagi palestinar batzuekin batera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Duela 10 hilabete pasatxo Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, gutxienez 40.000 pertsona hil ditu, Gazan agintzen duen Hamasek gaur zabaldutako datuen arabera. Halaber, hondakinen artean 10.000 hilotz inguru daudela kalkulatzen du.
Gazako Osasun Ministerioak gaur zabaldutako azken balantzearen arabera, 40.005 dira zehazki hildakoak, horietatik 16.400 baino gehiago adin txikikoak. Azken 24 orduetan Israelek egindako erasoetan 40 langile hil dira.
314 egunetan izandako erasoetan 92.401 pertsona zauritu dira, azken orduetan 107 gehiago eraman baitituzte Gazako Zerrendako ospitaleetara. Israelgo Armadaren erasoaldia tarteko, Gazan bizi diren bi milioi biztanleetatik gehienak beste toki batzuetara mugitu behar izan dira.
Gazako Gobernuak nabarmendu duenez, 36 pertsona hil dira gosez, gehienak haurrak, eta 3.500 adin txikiko daude gosez hiltzeko arriskuan. Halaber, salatu du herritarrek babeserako erabiltzen dituzten 175 guneri eraso egin diela Israelek (ikastetxeak, osasun etxeak edo meskitak).
Gainera, zauritutako 12.000 pertsona atzerrira eraman dituzte artatuak izaten jarraitzeko. Horrez gain, 1,7 milioi gazatar baino gehiago kutsatu dira higiene eta osasun baldintza eskasen ondorioz.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE), aldiz, uste du Gazan hildako 40.000 palestinarren kopurua "duela aste edo hilabete batzuk" gainditu zela, desagertutako pertsona asko zenbatzen ari ez direlako, eta su-etenerako deia berretsi du.
Farhan Haq Idazkaritza Nagusiko bozeramaileak hizpide izan du mugarri ikaragarria bere eguneroko prentsaurrekoan, eta "gutxi gorabeherako" zenbaki bat eta "azpi-kontaketa" bat dela gaineratu du; izan ere, beste palestinar asko hil edo harrapatuta daude Zerrendako hondakinetan.
Israelek Khan Yunis ebakuatzeko agindu du
Israelgo Armadak Rafah, Khan Yunis (hegoaldea), Gaza hiria eta Zerrendako erdialdearen kontrako lurreko erasoaldiarekin jarraitzen du, eta egunero egiten ditu bonbardaketak; azken orduetan, 30 bat egin ditu.
Ingurumari horretan, Khan Yuniseko hainbat auzotako herritarrei "leku seguruetara" joateko agindu die, eraso gehiago egingo dituela eta. Argudiatu duenez, Hamasek azken orduetan jaurtitako koheteak bertatik atera dira.
Su etenari buruzko negoziazioak, Dohan
Bien bitartean, Gazako Zerrendan su etena ezartzeko negoziazioetan parte hartzeko deia egin die gaur Egiptok "alde guztiei". Kairok bitartekari lanak egingo ditu arratsaldean Dohan (Qatar) abiatuko den elkarrizketetan.
Ez dirudi, ordea, bilera horretatik ezer aterako denik, Hamasek esana baitu ez duela parte hartuko. Taldeak aurreko bileran adostutakoak betetzeko eskatu zion Israeli.
Tel Avivek goi ordezkaritza bat bidaliko du Qatarrera, eta besteak beste, Mosadeko inteligentzia burua, Barne Ministerioko eta Armadako ordezkariak joango dira bihar.
AEBk maiatzean egindako proposamena adosten saiatuko dira aldeak, hots, su etena ezartzea eta preso palestinarrak Israelgo bahituen ordez trukatzea.
Abbasek Gazara joango dela iragarri du
Bestalde, Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak iragarri du Gazara joango dela, beste buruzagi palestinar batzuekin batera, Israelen bonbardaketei amaiera emateko saiakeran.
"Ez dugu beste konponbiderik mahai gainean. Horregatik, nik eta Palestinako Gobernuko kide guztiok Gazara joatea erabaki dugu, eta horixe egingo dugu", esan du Abbasek Turkiako Parlamentuan.
"Mugarik ezagutzen ez duen etsai baten aurrean, baturik gaude. Bizitza kostatzen bazaigu ere... nire bizitzak ez du Gazako ume txiki batena baino gehiago balio", gaineratu du buruzagiak, diputatu turkiarren txaloen artean.