Itxi

Gerra

Ukrainak Kurskeko erasoaldiari eusten dio, Errusiak Donbasseko frontean aurrera egiten duen bitartean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Kievek emandako azken datuen arabera, Ukrainak 80 udalerri eta 1.150 kilometro karratu baino gehiago kontrolatzen ditu Kursken. Donetsken, ostera, Pokrovsk barrutiko agintariek onartu dute Errusiako tropak 10,5 kilometrora baino ez daudela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ukrainak Kursk eskualdean abiatu duen erasoaldiarekin jarraitu du gaur, Errusiak ekialdeko frontean aurrera egiten duen bitartean. Borrokak duelu baten itxura hartu du, etsaiari ahalik eta kolperik mingarriena emateko operazioak egiten ari baitira.

Errusiako agintari militarrek zabaldutako datuetatik ondoriozta daitekeenez, Ukrainako Armadaren ahaleginak ez dira eten Errusian barna bere kontrolpean duen lurraldea zabaltzeko.

"Errusiari porrot taktiko garrantzitsuak eragin behar dizkiogu. Kursk eskualdean argi ikus dezakegu nola erabiltzen ari den tresna militarra modu objektiboan Errusiak bidezko negoziazio prozesu bat abia dezan", esan du Mikhailo Podoliak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulariak.

Presidentearen aholkulariak nabarmendu duenez, Ukrainak Kursken egindako erasoa, hilaren 6an hasi zena, "Errusiaren iritzi publikoan eragiteko tresna garrantzitsua da, gerra bere lurraldean sartu ahala aldatzen hasten baita".

Kievek emandako azken datuen arabera, Ukrainak 80 udalerri eta 1.150 kilometro koadroko lurraldea kontrolatzen ditu Kursk eskualdean.

Errusiako Defentsa Ministerioak gaur esan du herrialdeko Armadak mugako eskualde horretan hainbat erasori aurre egin diela, eta etsaien posizioak bonbardatu dituela Ukrainako Sumy probintzian, Kievek Bigarren Mundu Gerratik Errusiak lurralde propioan pairatzen duen lehen erasoa egin zuen lekuan.

Emakume bat eraikin bateko hondakinen artean, Sumyn (Ukraina). Argazkia: EFE

Alderantzizko egoera ekialdeko frontean

Kursken ukrainar tropek Errusiako Armada tentsioan dute, baina Donbassen, ekialdeko frontean, egoera alderantzizkoa da. Ukrainan, Donetsk eskualdeko Pokrovsk barrutiko agintariek gaur esan dute tropa errusiarrak 10,5 kilometrora baino ez daudela, eta zonaldea ebakuatzeko gomendioa eman dute berriro.

Volodimir Zamotaevek barrutiko administrazioburuak esan du egoera "mehatxagarria" dela.

Yuri Tretiak Mirnograd herriko buruzagi militarraren hitzetan, Pokrovsk eta frontearen artean dagoen hirian 20.000 zibil daude oraindik, 1.000 haur tartean, eta ahalik eta lasterren alde egiteko eskatu die herritarrei.

Ukrainako Armadaren Estatu Nagusiaren arabera, aurreko egunean 144 borroka izan ziren herrialde osoan, horietatik 41 etsaien erasoak Pokrovskeko sektorean, eta Errusiak pixkanaka baina sendo aurrera egin du azken egunetan.

Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, indar errusiarrek Serguiivka herria kontrolpean hartu eta Kramatorsk hirirantz aurrera egiten jarraitu dute, Donetsk eskualdeko gotorleku ukrainar nagusietako baterantz.

Serguiivkatik, Moskuko tropek Kramatorsk tiramenean dute, hamar kilometro eskasera baitaude.

Bideoak (1)