Itxi

GAZA, ERASOPEAN

NBEk su-etena eskatu du Gazan polioaren aurkako txertoa jartzeko, berragertu egin baita 25 urteren ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Anthony Blinken AEBko Estatu idazkaria Israelera iritsi da gaur gauean, Gazan su-etena lortze aldera "ahalegin diplomatikoak" egiten jarraitzeko. Bien bitartean, Israelek Libano ere bonbarbatu du.

Haur bat Khan Yunisetik bonbardaketei begira. Argazkia: EFE

Gazan polioa atzeman dutela baieztatu dute larunbat honetan, Israelek ebakuatzeko aginduak eman dituen egunean eta lanean jarraitzen duten ospitale bakarrenetako baten jarduera gelditzear dagoela ezagutu den egun berean. Testuinguru honetan, su-etena lortzeko negoziazioetan jarri du itxaropena nazioarteak, baina ez dirudi Israelen eta Hamasen arteko adostasuna gertu dagoenik.

25 urte dira Gazan azken polio kasua izan zenetik, baina ostiral gaueko azken orduan, Ramallahn (Palestina) egoitza duen Palestinako Osasun Ministerioak polio kasu bat erregistratu zuen. "Polioaren kontrako txertorik  jaso ez duen 10 hilabeteko haur bati eragiten dio gaixotasunak", iragarri zuen Osasun Ministerioak, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) beldurrak berretsiz. Izan ere, MOEk duela hilabete iragarri zuen birusa aurkitu zuela Gazako Zerrendan jasotako ingurumen-laginetan.

Osasun Ministerioak baditu txertaketa-kanpaina egiteko prest dauden taldeak, MOE, UNICEF eta UNRWA (Palestinako errefuxiatuentzako NBEren agentzia) erakundeei esker. 10 urtetik beherakoak txertatu nahi dituzte, eta abuztuaren amaieran egin nahi dute. "Txertoa Gazara iristeko zain gaude", esan dute. Hori bai, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du su-etena behar-beharrezkoa dela txertaketa-kanpainari ekiteko.

Palestinako agintarien arabera, Israelen erasoek (40.074 pertsona hil dituzte) eragin dute polio gaitzaren agerraldia, garbiketa- eta higiene-produktuak lortzea eta banatzea oztopatu duelako, eta herritarrak hondakin eta kutsatutako ur artean pilatzera zigortu dituelako.

Oinarrizko baliabideak eskuratzeko aukerarik ez izateaz gain, erregai eskasia ere badago eta horrek zaildu egiten du ospitaleen lana. Horregatik, Gazako Zerrendan dauden 36 ospitaleetatik 16 bakarrik daude irekita, eta ez erabat.

Gazako iparraldean hiru ospitale baino ez daude, eta horietako bat, Jabaliako Al Awda izenekoa, bihar jarduera kirurgikorik egin ezinik geratuko dela iragarri dute, energiarik ez duelako, Mohammed Salha jarduneko zuzendariak ohartarazi duenez.

Ebakuazio-aginduak

Gainera, Israelgo Armadak Beit Hanoun, Al Manshiya eta Sheikh Zayed ebakuatzeko agindua eman du larunbat honetan. "Uste dugu egun batzuk barru Armada eremu hauetan sartuko dela, zauritu asko etorriko dira eta ezingo diegu lagundu", esan du Al Awdako zuzendariak.

Eremu horiekin batera, Israelek Gaza erdialdeko eremuak ebakuatzeko agindu zuen, hala nola Maghaziko errefuxiatuen kanpamentua eta Deir al Balahko ekialdeko zatia.

Inguru horretan gaur bertan egindako bonbardaketa batean, Israelek familia bereko 17 kide hil ditu; bertan zeuden guztiak, hain zuzen.

Gainera, gutxienez hamar siriar hil eta beste bost pertsona zauritu dituzte gaur Israelgo ehiza-hegazkinek Libanoko hegoaldeko herri batean egindako eraso batean, Libanoko Osasun Ministerioaren Larrialdi Operazioen Zentroak jakitera eman duenez.

Israelgo Armadak iragarri du Radwan indarretako komandante bat hil duela, Hezbollahko milizia xiita libanoarren eliteko unitatea. Israelgo Armadak Husein Ibrahim Kassab hil duela esan du. Qadmus inguruan, Tiro hiritik gertu, motozikletan zihoala, tripulaziorik gabeko hegazkin batekin egindako erasoan hil dutela jakinarazi dute.

Blinken Israelera

Bestalde, Anthony Blinken AEBko Estatu idazkaria Israelera iritsi da gaur gauean, Gazarako su-etena lortzeko "ahalegin diplomatikoak" egiten jarraitzeko, bere hitzetan.

Dohako goi-bilerara ez da joan Hamas, AEBren jatorrizko zirriborroa betetzeko eskatzen baitu. Datorren astean, Kairon jarraituko dute elkarrizketek. Nazioarteak su-etena lortzeko aukerak ikusten ditu, baina Israel zein Hamas ezkor agertu dira azken orduetan.