Itxi

Alemania

Hiru pertsona hil eta zortzi zauritu dituzte Alemanian izandako atentatuan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Poliziak pertsona bat atxilotu du Solingenen ospatzen ari ziren jaialdi batean egindako atentatu terroristarekin zerikusia duelakoan, eta erasoaren inguruko informazioa edota irudiak eskatu dizkie herritarrei.

Atentatua Solingenen (Alemania). Argazkia: EFE

Pertsona bat atxilotu du Alemaniako Poliziak Solingenen ostiral gauean labanaz egindako erasoarekin zerikusia duelakoan. Erasotzaile batek hiru pertsona hil eta zortzi zauritu zituen, horietako bost larri. 15 urteko mutil bat atxilotu dute, erasoa izango zela aurrez jakin arren ez zuelako ezer egin hura saihesteko, antza, baina Poliziak ez du uste bera denik erasotzailea

"Polizia-operazioan, lagun bat atxilotu dugu eta beharrezko ikerketak egiten ari gara krimenarekin zerikusirik duen argitzeko", azaldu du Dusseldorfeko Poliziak ohar batean. 

Ohar berean jakitera eman duenez, bestelako zenbait neurri ere hartu dituzte, "miaketak, besteak beste, hainbat tokitan". 

Atentatua ostiralean gertatu da, 21:45 inguruan, Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko Solingen hiriaren 650. urteurrena ospatzeko jaialdian. Oraindik identifikatu gabe dagoen gizon bat jendea sastatzen hasi zen. Kaosa aprobetxatuz, ihes egitea lortu zuen, hiru pertsona hil eta zortzi zauritu ondoren, horietatik bost larri.

Alemaniako Polizia atentatu terrorista gisa ikertzen ari da erasoa, eta operatibo handi bat abiatu du egilea bilatzeko; agente armatuak, ibilgailu bereziak eta helikopteroak erabiltzen ari dira horretarako. Esan duenez, ez du erasotzaileari buruzko datu nahikorik.

Poliziak erasoaren zantzuak edo irudiak emateko eskatu die herritarrei, Interneten horretarako bereziki sortutako atari baten bidez, erasotzailea identifikatu eta aurkitzen laguntze aldera.

Agintariek uste dute gizon bakar batek egin duela erasoa, eta ez dute balizko konplizeei buruzko daturik. Hainbat pertsona lepoan sastatu ondoren, erasotzaileak ihes egitea lortu zuen izuaren erdian.

Kontzertu baten erdian izan da erasoa, eta jaialdia bertan behera utzi dute. Herritarrei eskatu diete hiriko alde zaharra saihesteko eta, ahal dela, etxean geratzeko.

"Solingenen denok gaude atsekabetuta. Gure hiriaren urteurrena ospatu nahi genuen, eta orain hildakoengatik dolua gorde behar dugu eta zaurituak deitoratu. Malkoak ditut begietan eta bihotza hautsita. Hil direnak ditut gogoan, eta otoitz egiten dut oraindik euren bizitzaren alde borrokan ari direnen alde", idatzi du Tim Kurzbach Solingen hiriko alkateak Facebooken.

Nancy Faeser Barne ministroak labanak bide publikoan mugatzeko planak iragarri eta egun gutxira gertatu da erasoa. Poliziaren estatistiken arabera, iaz arma zuriz egindako 9.000 lesio kasu erregistratu ziren Alemanian.