Ukrainako gerra
"Irismen handiko" Kurskeko inbasioa goraipatu du Zelenskik, Ukrainako independentziaren urteurrenean
Agentziak | EITB Media
Errusiak, bestalde, "deitoragarritzat" jo du egungo Ukrainaren errealitatea, 1991n "epe luzerako oparotasuna" lortzeko "baldintza guztiak" zituen arren.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Ukrainaren independentziaren 33. urteurrena oroitu du, Kursk eskualdean sartu izana bere herrialdearen autonomia nahiaren adierazpen nagusitzat hartuta.
"Ukrainarrek beti ordaintzen dituzte zorrak. Gure lurraldean miseria desiratu duenak bere etxean aurkituko du. Gure lurraldean gaitza erein nahi duenak bere lurraldean bilduko ditu bere fruituak. Etsaiak gure lurraldera eraman duen guztia bere etxera itzuli da orain", adierazi du Zelenskik.
2022ko otsailean hasi zen Errusiaren inbasioari emandako erantzun "duin, simetriko eta irismen handikoa" adibidetzat hartu du presidenteak Kursken egindako erasoa. Esan duenez, Ukrainaren erantzuna "Errusiako Federazioaren edozein tokitara iritsiko da, gure estatuaren eta gure herriaren bizitzarako arrisku-iturri baldin bada".
Errusiak ere komunikatu bat igorri du urteurrena dela eta, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundean (OSCE) duen ordezkaritzaren mezu baten bitartez. Bertan, "deitoragarritzat" jo du egungo Ukrainaren errealitatea, nahiz eta independentzia lortu zuenean "garapen sakon baterako aurrebaldintza guztiak" zituen, eta "epe luzerako oparotasunera" eraman behar zuten, "bizilagunekin bakean eta adiskidetasunean".
"Gaur egun Ukraina modernoaren errealitatean ikusten duguna ez dator bat subiranotasunaren, independentziaren, zuzenbide-estatuaren eta giza eskubideen errespetuaren ideiarekin", esan du ohar batean.
Errusiaren arabera, Ukraina "Errusiaren aurkako estatu autoritario bat da, printzipio misantropoak ideologia ofizialaren mailara igotzen dituena". Gainera, Moskuk Kievi egotzi dio Donetskeko eta Luhanskeko disidenteen aurka errepresio mota guztiak erabiltzea, "sarraski fisikoa" barne, "Kievek zigor operazio militar bat abiatu zuenean". "Ez da harritzekoa Krimeako biztanleek Errusiarekin bateratzearen alde egin izana", erantsi du.
"Kieveko erregimenaren egungo metodo terroristek, Errusiako Federazioaren Kursk eskualdearen aurkako erasoa barne, agerian uzten dute, beste behin ere, helburuak lortzeko beste alternatibarik ez dagoela", gehitu du, Ukrainaren inbasioari erreferentzia eginez.