Itxi

Atentatua Alemanian

Espetxera bidali dute Alemaniako atentatuaren ustezko egilea

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

26 urteko gizonezkoak bere burua Poliziaren aurrean aurkeztu zuen. Beste bi pertsona ere atxilota daude larunbatetik. Erasoak hiru hildako eta egoera kritikoan dauden lau zauritu utzi zituen. Estatu Islamikoak bere gain hartu du.

Atxilotua epailearen aurrera eramaten. Argazkia: EFE.

Alemaniako atentatuaren ustezko egilea espetxera bidali du Karlsruhe hiriko Justizia Auzitegi Federaleko epaileak. Gizonezkoak Poliziaren aurrean aurkeztu zuen bere burua. Solingenen egindako erasoak hiru hildako utzi ditu, eta Estatu Islamikoak bere gain hartu du.

Atxilotua helikopteroz eta segurtasun neurri handien artean iritsi da auzitegira, hilketa, hilketa saiakera eta Estatu Islamikoko kide izatea egotzita. 

"26 urteko gizon bat ikerketa egiten ari diren agintarien aurrean agertu da, eta erasoaren erantzulea dela adierazi du. Gertakarietan izandako parte-hartzea modu intentsiboan aztertzen ari dira oraindik", adierazi zuen Poliziak.

Herbert Reul Ipar Renania-Westfalia eskualdeko Barne ministroak baieztatu duenez, "egun osoan bilatzen aritu garen gizona da", eta "susmagarri nagusia da". Reulen arabera, egiletza baieztatuko luketen frogak aurkitu dituzte.

Atxilotuak 26 urte ditu, Siriako nazionalitatea du, eta 2022an jaso zuen egoitza-baimena Alemanian, babes subsidiarioagatik. Atxilotu duten unean, odolez zikindutako arropa zeraman jantzita, ustez, ezkutatuta eman baitu egun osoa.

Larunbatean, beste bi pertsona atxilotu dituzte, 15 urteko mutil bat tartean, erasotzailearen planen berri izan zezakeelakoan.

Erasoa

Atentatua ostiral iluntzean gertatu zen, 21:45 inguruan, Solingen hiriaren 650. urteurrena ospatzeko jaialdian. Gizon bat jendea sastatzen hasi zen. Kaosa aprobetxatuz, ihes egitea lortu zuen, hiru pertsona hil eta zortzi zauritu ondoren; horietako lau egoera kritikoan daude.

Nancy Faeser Barne ministroak labanak bide publikoan mugatzeko planak iragarri eta egun gutxira gertatu da erasoa. Poliziaren datuen arabera, iaz arma zuriz egindako 9.000 lesio kasu erregistratu ziren Alemanian.

Albisteak (3)