Ekialde Hurbila
Israelek eta Hezbollahk eskala handiko aire-erasoak egin dituzte
Agentziak | EITB Media
Gutxienez hiru lagun hil dira Israelek Libanon egin duen bonbardaketan. Israelgo Armadak "badaezpadako" eraso bat hasi du Libanoko miliziek Israelen kontra eraso handi bat egiteko asmoen aurrean. Hezbollahk amaitutzat jo du erasoa, Israel aldera droneak jaurti ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Israelek eta Hezbollahk eskala handiko erasoa egin diote elkarri igande goizean, Israelgo Armadaren "prebentziozko" eraso baten ostean Libanoko miliziaren aire-eraso bat izan baita.
Goizaldean, Israelgo Armadak erasoaldia hasi du Libanon, bere komunikatu baten arabera, Hezbollah "Israelen aurkako eraso estentsibo bat egiteko prestatzen ari dela" jakin ostean. "Mehatxu horiei erantzuteko, helburu terroristei erasotzen ari dira Libanon", azaldu du.
Eraso "prebentiboek" gutxienez hiru hildako utzi dituzte Libanon: bi Israelek Al Tiri herriaren aurka egindako bonbardaketa batean eta bat El Khiamen, biktima autoan zihoala. Israelgo Armadak "Hezbollahk jarduten duen eremuetan" dauden zibilei "arriskutik" urruntzeko eskatu die, "euren segurtasunagatik".
Israelgo Aire Armadak 100 bat hegazkin erabili ditu Israel iparraldera eta erdialdera zihoazen milaka suziri gelditzeko, Daniel Hagari Armadako bozeramailearen arabera. 2007an egindako erasoaz geroztik izandako erasorik handiena izan da. Orduko hartan, 1.000 libanoar baino gehiago hil ziren.
Era berean, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak larrialdi militarra ezarri du 48 orduz. Ministerioak ohar baten bidez azaldu duenez, horrela Armadak "Israelgo herritarrei jarraibideak eman ahal dizkie, bilerak mugatzeko eta tokiak ixteko, garrantzitsua denean".
Ondoren, Libanotik, Hezbollahk iragarri du eskala handiko aire-eraso bat hasi duela, "drone kopuru handi batekin", lurraldearen barruan "Israelen toki kualitatiboak jomuga". Milizia xiitaren bi komunikaturen arabera, lehen erasoak "planifikatutakoaren arabera" egin dituzte, Israelgo eta Estatu sionistak okupatutako Golango base eta posizio militarren kontra.
Hezbollahren hitzetan, eraso horiek "Beirut hegoaldeko eraso sionista bortitzari" erantzunez egin dituzte. Horietako batean, Fuad Shukr komandante militar gorena hil zuten, uztailaren 30ean.
Hasiera batean, Hezbollahk adierazi du martxan dauden operazio guztiek "denbora" beharko dutela "osatzeko", eta azpimarratu du taldea "alerta egoera gorenean" dagoela eta adi eta indartsu egongo dela "edozein eraso edo transgresio sionistaren aurrean, bereziki zibilei kalte egiten badiete". Milizia xiitak amaitutzat jo du erasoa, "gaurkoz".
Netanyahuk "herrialdea babesteko ahal duen guztia" egingo du
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi duenez, "min egiten digunari min egingo diogu". Netayahuren esanetan, Armadak "gogor" lan egin du mehatxuak zapuzteko, milaka suziri suntsituz eta "defentsan zein erasoan indar guztiarekin" jardunez.
Larrialdi bilera Libanon
Libanoko Najib Mikatiren Gobernuak Larrialdietarako Ministerio Batzordearen bilera deitu du, Israelen eta Hezbollahren arteko aire-eraso gurutzatuak aztertzeko. Batzarrera Batzordeko kide ez diren ministro guztiak gonbidatu dituzte.
Hamasek Hezbollah zoriondu du Israelen aurkako eraso "indartsuagatik"
Hamas mugimenduak milizia zoriondu du lurralde israeldarraren aurka egindako errepresaliagatik. "Erantzun indartsu eta kontzentratu hori, erakunde sionista sakon kolpatu zuena, zaplazteko bat da gobernu (israeldar) faxistaren aurpegian, eta mezu bat, esanez bere terrorismoa eta herri palestinar eta libanoarraren aurkako krimenak ez direla erantzunik gabe geratuko", adierazi du Hamasek ohar batean.
Gainera, Israeli eta AEBri egotzi die "nazioarteko bakea eta egonkortasuna arriskuan" jartzea, bigarrenari gatazkaren "parte eta bazkide" izatea leporatuz, armamentua emateagatik Israeli.
Netnayahu: "Gaur gertatu dena ez da bertsetaren amaiera"
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi duenez, "min egiten digunari guk min egingo diogu". Netayahuren esanetan, Armadak "gogor" lan egin du mehatxuak zapuzteko, milaka suziri suntsituz eta "defentsan zein erasoan indar guztiarekin" jardunez.
Israelgo lehen ministroak Hezbollahri eta haren nazioarteko aliatu handiari, Irango Gobernuari, ohartarazi die Israelgo Armadak igande honetan egindako bonbardaketa, Libanoko mugan liskarrak hasi zirenetik izandako indartsuenetako bat, "ez dela kapituluaren amaiera", eta ziurtatu du "beste urrats bat" baino ez dela Libanoko miliziarekin liskarrak hasi aurretik herrialdearen iparraldean bizi ziren desplazatu israeldarren itzulera ziurtatzeko.
Hain zuzen ere, handik gutxira, Israelgo iparraldeko hiru eskualdeetako kontseiluetako buruzagiek Gobernuarekin zuten harremana eten dute igande honetan. Mugako komunitateak Hezbollah talde xiitarekin egunero su-trukea jasaten ari diren bitartean, herrialdearen erdigunea babesteko esku hartzea leporatu diote Tel Avivi.
"Ez zarete gutaz kezkatu 10 hilabete eta erdian. Hemendik aurrera, ez ezazue, bada, gutaz galde. Ez deitu, ez etorri, ez bidali mezurik. Orain arte bakarrik moldatu gara, moldatuko gara", esan dute Moshe Davidovich Mateh Asher eskualdeko kontseiluko buruak, David Azoulay Metulako alkateak eta Giora Zaltz Galilea Garaiko Kontseiluko buruak. "Shalom Tel Aviv Operazioarekin Israelgo Gobernuak ehunka mila herritarrekin duen deskonexioak goia jo du", ziurtatu dute.
Soldadu israeldar bat hil eta beste bi zauritu dira
Israelgo Armadak igande honetan iragarri duenez, Israelgo Armadako soldadu bat hil da eta beste bi zauritu dira gauean herrialdearen iparraldean izandako erasoetan. Israelgo hedabideen arabera, Armadak abian du ikerketa, The Times of Israel egunkariak dioenez, argitzeko ea haiek zeuden patruila-ontzia zuzenean harrapatu ote zuen misil intertzeptatzaile batek edo haren metrailak, "gutxienez Hezbollahren bi drone inguruan lehertu ostean". Egunkari horren arabera, misil baten zati batzuk aurkitu zituzten ontziaren barruan.