Venezuela
EBk ez du Maduroren garaipena onartu, ezta oposizioarena ere
Agentziak | EITB Media
Edmundo Gonzalez opisizioko hautagaiak telematikoki parte hartu du Europar Batasuneko Atzerri ministroen bilera informalean. Ez dute Maduro irabazletzat hartu, baina ez dira ados jarri oposizioko hautagaia onartzean.
Europar Batasuneko Atzerri ministroek ez dute oraindik onartu Nicolas Maduroren garaipena Venezuelako hauteskundeetan, baina ezta oposizioko Edmundo Gonzalezena ere.
EBko Kanpo Arazoetarako kontseilu informalean Gonzalez oposiziogileak telematikoki parte hartu du. "Maduroren garaipena ez dela aitortuko adostu dute, baina ez oposizioa aitortzeko", esan dute Espainiako iturri diplomatikoek.
Iturrien arabera, Espainiak "ahal duen guztia" egin du batasuna mantentzeko, eta helburu hori "lortu da", eta "eskualdeetako eragileekin, bereziki Brasilekin eta Kolonbiarekin, elkarrizketa areagotzeko eta oposizioko kideen osotasun fisikoa eta eskubide zibil eta politikoak babesteko ahal den guztia egiteko" apustua egin du.
Europar Batasuneko Atzerri ministroek zigorrak ezartzeko aukera ere eztabaidatu dute, "baina ez da akordiorik lortu", gaineratu dute iturri diplomatikoek, eta Venezuelan "giro politikoa okertu delako eta gardentasun demokratikorik ez dagoelako kezka handia" dagoela azpimarratu dute.