Itxi

Gaza erasopean

Gutxienez 48 pertsona hil ditu Israelek Gazan, larunbat odoltsu batean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Israelrek Deir al Balah eta Khan Yunisen emandako azken ebakuazio aginduen ondoren, Al Mawasi eremu humanitarioan (zerrendaren % 14 inguru hartzen du) pilaketa eta bizi-baldintzak are zailagoak bihurtu dira.

Suntsipena Khan Younisen, Gazan. EFE.

Gutxienez 48 palestinar inguru hil ditu Isralek larunbat honetan Gazako Zerrendan, airez egindako eraso gogorren ondorioz. 

Bart gauean, Israelgo indarrek gutxienez hogei pertsona hil dituzte Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuaren mendebaldean, Zerrendaren erdialdean; horietatik bederatzi eraikin baten kontra bi artilleria jaurtigairekin egindako erasoan hil dira, iturri palestinarrek salatu dutenez.

Gainera, eraikin bateko azken solairua bonbardatu eta Hamad familiako lau kide hil ditu Israelek, eta beste lau Zaqout familiaren etxearen aurkako erasoan, Al-Hasayna inguruan.

"Bost zibil hil dira eta Abu Bakr familiako beste 15 kide zauritu, okupazio indarrek Al Jabour familiaren etxe batean egindako erasoan", Khan Yunisen, Zerrendako hegoaldean, Wafa Palestinako albiste agentziak gaur zehaztu duenez. Hiri berean, zortzi gorpu errekuperatu ditu Ilargi Gorriak.

Israelgo Armadak, bestalde, Jihad Islamikoaren Gazako Kanpaleku Zentraletako Brigadako komandantea, Mohamed Katrawi, hil duela iragarri du. Milizia honek oraindik ez du bere heriotza baieztatu.

Erabat suntsituta dagoen Gaza hirian, Zerrendaren iparraldean,  Palestinako Ilargi Gorriko (MLRP) osasun-langileek hiru gorpu eta hainbat zauritu eraman dituzte Bautista Ospitalera, Israelgo borroka-hegazkinek Sabra auzoko etxe bati eraso ostean, hiriaren hegoaldean.

Zeitun auzoan, Wafaren arabera, beste hiru palestinar hil dituzte euren etxearen aurka misil bidez egindako eraso batean, eta laugarren bat Nassar familiaren etxearen kontrako aire-erasoan, Yabaliako kanpamentuan (iparraldean).

Israelrek Deir al Balah eta Khan Yunisen emandako azken ebakuazio aginduen ondoren, Al Mawasi eremu humanitarioan (zerrendaren % 14 inguru hartzen du) pilaketa eta bizi-baldintzak are zailagoak bihurtu dira.

"Pilaketaren, ur faltaren eta saneamendu zerbitzu eskasiaren ondorioz gaixotasunak zabaltzen ari dira. Ez gara gai dauden behar kolosalei aurre egiteko", salatu zuen atzo Mugarik Gabeko Medikuen koordinatzaile batek.

GKE horrek baieztatzen du egunero 300-400 kasu artatzen dituela inguruko klinika batean, eta horietatik 200 larruazaleko gaitz kutsakorrekin lotuta daudela, batez ere haurrei eragiten dietenak.