Itxi

Israel-Palestina

Israelek setiatuta ditu bosgarren egunez Zisjordania okupatuko Yenin hiria eta kanpamendua

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hiriko kaleen % 70 baino gehiago Israelgo hondeamakina astunek kaltetu dituztela salatu dute, eta ura moztu egin dutela 14.000 lagun bizi diren inguruko errefuxiatuen kanpaleku batean, bai eta hiriaren zati handi batean ere.

Israelgo indarrak Yeningo kaleak suntsitzen EFE.

Zisjordania okupatuko iparraldean dagoen Yenin hiriak eta errefuxiatu palestinarren kanpamentuak Israelen setio militarraren pean jarraitzen dute bosgarren egunez jarraian.

Aste honetan, gutxienez 14 palestinar hil dituzte bertan, tartean janari bila etxetik alde egin zuen 83 urteko zibil bat.

Udaleko funtzionarioek azaldu dutenez, hiriko kaleen % 70 baino gehiago Israelgo hondeamakina astunek kaltetu dituztela salatu dute, eta ura moztu egin dutela 14.000 lagun bizi diren inguruko errefuxiatuen kanpaleku batean, bai eta hiriaren zati handi batean ere.

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak bere X-ko kontuan salatu duenez, "Israelen erasoen intentsitatea maila kezkagarrietara iristen ari da" Yeninen. Izan ere, larri zauritutakoak dituzten ospitaleak blokeatu dituzte eta abulantziei eraso egin. 

"Yeningo Jalil Suleiman ospitalean, erasoaldia hasi zenetik Israelgo indarrek inguratuta dutena, kaltetuta daude elektrizitate eta ur hornidurak eta MSFko mediku taldeak eten egin behar izan ditu dialisiak", zehaztu dute mezuan.

Palestinako Ilargi Gorriko larrialdi zerbitzuek Zisjordaniako anbulantzien aurkako gutxienez lau eraso salatu zituzten atzo, baita Yeningo Gobernu Ospitaleko pazienteak ebakuatu beharra ere, argindar faltagatik.

Osasun etxeak blokeatzeaz gain, iturri palestinarren arabera, sarekada ugari egin dituzte etxebizitzetan, arpilatzeekin, atxiloketekin eta galdeketekin. Horietan "tratu txarrak" jasan izana salatu dute palestinarrek. 

Tokiko kazetariek sare sozialetan erakusten dituzten irudietan emakumeak ikusten dira, haurrak hartuta errefuxiatuen kanpamendutik ihesi, beldurrez, miliziano armatuen aurkako borroka gogorren eta txikizio orokorraren erdian.

EFE

Asteazken goizaldean, ehundik gora uniformedun, frankotiratzaileak, droneak eta blindatu israeldarrak Yeninen sartu ziren, baita Tubas eta Tulkaremgo hiri eta kanpamenduetan ere, Israelek "Udako Kanpalekuak Operazioa" deituriko operazio "antiterrorista" bat egiteko.

Ordutik, azken bi hamarkadetako eraso militar handienetakoak izan dira Zisjordanian, eta gutxienez 23 palestinar hil dituzte; horietatik 14 Yeninen.

Atzo soldadu israeldar bat hil zen, eta igandean, hiru polizia israeldar hil dituzte haien autoari tiroka eraso eginda.

Aurreko egunetan, lau eta bost palestinar hil ziren, hurrenez hurren, Tubasen eta Tulkaremen, Israelgo indarrak bi puntu horietatik erretiratu baino lehen.

NBEko Giza Eskubideen Bulegoak ohar batean azaldu duenez, atzo, 83 urteko Tawfiq Ahmad Younis Qandil palestinarra hil zuten, familiaren arabera, Yeningo etxetik janaria erostera atera eta frankotiratzaileek "tiroz josi" zutenean.

Urriaren 7an Gazako gerrari eta gainerako lurralde okupatuetan errepresioa areagotzen hasi zenetik, Israelek 650 palestinar baino gehiago hil ditu Zisjordanian, tartean 150 adingabe.

Gazan, dagoeneko 40.700 pertsona baino gehiago hil dituzte indar israeldarrek eta 95.000 inguru zauritu, agintari palestinarren arabera. 

Albisteak (1)