Itxi

VENEZUELA

Edmundo Gonzalez oposizioko burua atxilotzeko agindua eman du Venezuelako auzitegi batek

EITB MEDIA

Venezuelako oposizioko burua, Edmundo Gonzalez Urrutia, atxilotzeko agindua eman du Venezuelako Auzitegi batek, Fiskaltzak eskatu eta ordubetera. "Terrorismoarekin lotutako delituengatik" eman du agindua. 

Edmundo González Urrutia. EFE

Venezuelako oposizioko burua, Edmundo Gonzalez Urrutia, atxilotzeko agindua eman du Venezuelako Auzitegi batek, Fiskaltzak hala eskatu eta ordubetera. Terrorismoarekin lotutako delituengatik eman du agindua. Hauteskundeekin lotutako ustezko delituak dira; legeak ez betetzea, konspirazioa, funtzioak usurpatzea eta sabotajea, besteak beste. Uztailaren 28ko bozetan, Plataforma Unitario Demokratikoko presidentegaia izan zen Gonzalez Urrutia.

Ministerio Publikoak Instagram sare-sozialaren bidez zabaldu du atxilotzeko agindua. Bertan zehazten denez, atxilotu eta berehala Fiskaltzaren esku utzi beharko dute oposizioburua, eta ondoren, agindua eman duen epailearen aurrera eramango dute.

Aurretik, Gonzalez Urrutia hiru alditan deitu du Fiskaltzak deklaratzera. Ez da bertaratu, eta uztailaren 30etik klandestinitatean dago. Ministerio Publikoak akusazio politiko gisa jokatzen duela salatu izan du behin eta berriz, independendentzia eta beharrezko bermerik gabe.

Gonzalez Urrutia 75 urteko diplomazialari erretiratua da, eta Venezuelako ekaitz politikoaren erdian urte hasieran sartu zen, Maria Corina Machado oposizioko buruzagiari hauteskunde presidentzialetara aurkeztea debekatu zitzaionean. Haren lekua hartu zuen.

Zuzenean atxilotzeko aginduari aipamenik egin ez badio ere, bere asteroko telebistako saioan, Nicolas Maduro, Venezuelako presidenteak legearen gainetik egon nahi izatea aurpegiratu dio Gonzalez Urrutiari. "Gonzalez jaun koldar honek legearen gainetik dagoela uste du: ez ditu legeak onartzen, ez du ezer aitortzen, eta hori onartezina da", esan du.

Bere aldetik, bi aldiz Venezuelako presidente izateko hautagai izan den Henrique Capriles Aurrena Justizia alderdiko kideak gogor kritikatu du atxilotzeko agindua. Oposizioko kideen kontrako "jazarpen" kanpainaren barruan kokatu du.  "Erakundeetatik egiten ari diren jazarpenak ez du etenik. Venezuelako herritar gehienen haserrearekin bat egiten dugu. Legeak euren erara erabiltzen ari dira",  idatzi du X sare-sozialean.