Itxi

Venezuela

Edmundo Gonzalezek dio "venezuelarrek ez sufritzeko" egin duela alde herrialdetik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Venezuelako oposizioko buruak eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari, babesa emateagatik.

Edmundo Gonzalez, artxiboko argazki batean. EFE

Venezuelako oposizioko koalizio handienaren hautagaiak, Edmundo Gonzalez Urrutiak, adierazi du "venezuelarrek ez sufritzeko" erabaki duela herrialdetik ihes egitea eta Espainian asilo politikoa eskatzea: "Herritarren patua ezin da izan gatazka, mina eta sufrimendua".

"Gauzak aldatzeko eta Venezuelan aro berria eraikitzeko hartu dut erabakia", nabarmendu du, X sare sozialean publikatutako mezu batean.

Mezu horretan, oposizioburuak elkarrizketarako deia egin du, eta aldarikatu du "demokrazia" eta "herritarren borondatea betetzea" direla etorkizunerako "bide bakarra".

Hori bai, Gonzalezek ohartarazi du lehentasuna "preso politikoak askatzea" dela une honetan. "Eskaera utziezina da", erantsi du.

Oposizioko kidea igandean iritsi zen Madrilera, bere herrialdean jazarpen politikoaren biktima dela argudiatuta. Izan ere, uztailaren 28ko hauteskundeetan, Nicolas Maduro presidenteari eman zion garaipena herrialdeko Hauteskunde Batzordeak, baina oposizioak salatu du emaitzak faltsututa daudela eta irabazleak eurak izan zirela.

Gaur publikatutako mezuan, Gonzalezek eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari babesa emateagatik, baita Herbehereetako Enbaxadari ere, zenbait astez bertan ezkutatuta egon zelako.

Albisteak (2)