PELICOT KASUA
Akusatuetako batek esan du Pelicotek bultzatu zuela emaztea drogatu eta bortxatzera eta botikak eman zizkiola
Agentziak | EITB Media
Frantziako Avignon hirian 51 gizon epaitzen ari dira haietako baten, Dominique Pelicoten, emaztea mendekotasun kimikoz bortxatzeagatik. Epaiketa bertan behera geratu da, akusatu nagusia erietxean ingresatuta dagoelako osasun arazo larriekin.
Dominique Pelicoten auzian inplikatuta Avignonen epaitzen ari diren 51 gizonetako batek, Jean-Pierre Maretchalek, bere emaztea drogatu eta bortxatu zuela onartu du auzitegian. Maretchalek adierazi du Pelicotek bultzatu zuela hark bere emazteari egiten zion gauza bera egitera, eta imitatu egin zuela emaztea mendekotasun kimikoaren menpe jartzeko prozeduran.
Dominique Pelicotek bere emazte Gisèle drogatu zuen gutxienez hamar urtez, eta haren gorpua beste gizon batzuei eskaintzen zien Internet bidez; familiaren etxera gonbidatzen zituen, konorterik gabe zegoen bitartean, emakumea bortxatu zezaten. Senarrak, gainera, sexu-eraso horiek grabatzen zituen eta ordenagailuan gordetzen zituen, emakumeak zer gertatzen ari zen jakin gabe.
Kasuak 2020ko irailean ikusi zuen argia, Pelicot supermerkatu batean beste emakume batzuen gonapeko irudiak grabatzen harrapatu zutenean. Atxilotu ondoren, akusatu nagusiak bere etxean gordetzen zituen artxiboak aurkitu zituen Poliziak, eta bere eskaintzari erantzunez emakumea bortxatu zuten 50 gizon identifikatzea lortu zuen.
Guztiak akusatu gisa ari dira epaitzen abendura arte luzatuko den prozesuan. Gehienek argudiatu dute ez zekitela Gisele konorterik gabe zegoenik haren etxera joan zirenean.
Maretchalek, ordea, egitateak onartu ditu eta Pelicot imitatuz bere emaztearekin gauza bera egin zuela aitortu du. Bere abokatuak "ez dea bere erantzukizuna saihesten saiatu eta damututa dagoela azaldu du.
Era berean, Dominique Pelicotek Maretchalen kasuan izan zuen "katalizatzaile" papera azpimarratu du, honek ere bere emaztea antsiolitikoekin drogatu zezan, behin konorterik gabe, bi gizonek bortxatu zezaten.
Abokatuaren hitzetan, Pelicot on line mezularitza zerbitzu baten bidez jarri zuen harremanetan Maretchalekin, eta berak proposatu zion mendekotasun kimikora jotzea. Horrez gainera, akusatu nagusia izan zela drogatzeko sendagaiak ematen zizkiona gehitu du. Maretchalen emazteak ez du inoiz senarra salatu nahi izan.
Epaiketa bertan behera geratu da ostegun honetan, datorren astelehenera arte. Dominique Pelicot akusatu nagusia erietxean ingresatuta dago osasun arazo larriekin. Epailearen hitzetan, osatzen ez bada, atzerapena luzeagoa izan daiteke.