Krisi diplomatikoa
Venezuelak Espainiako enbaxadoreari deitu dio, Defentsa ministroaren hitzengatik
Agentziak | EITB Media
Gilek jakitera eman duenez, gainera, Maduroren Gobernuak Gladys Gutierrez Venezuelak Espainian duen enbaxadoreari ere deitu dio. Ez du zehaztu, ordea, hitzordua noiz izango den.
Venezuelak Ramon Santos Espainiak Caracasen duen enbaxadoreari deitu dio. Nicolas Maduroren Gobernuaren ustez, "lotsagabeak eta adierazpen zakarrak" izan dira Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarenak, Roblesek Venezuelan oposiziogileek pairatzen duten "jazarpena" eta "oinarrizko eskubideen muga" kritikatu baititu.
Yvan Gil Venezuelako kantzilerrak Telegrameko bere kanalean azaldu duenez, enbaxadoreak Kanpo Harremanetarako Ministerioan agertu behar du ostiral honetan, Chavesen exekutiboak eskatuta. Venezuelaren iritzian, Roblesen adierazpenek "bi herrialdeen arteko harremanak okertuko dituzte".
Gilek jakitera eman duenez, gainera, Maduroren Gobernuak Gladys Gutierrez Venezuelak Espainian duen enbaxadoreari ere deitu dio. Ez du zehaztu, ordea, hitzordua noiz izango den.
Edmundo Gonzalez Urrutia Espainiara iritsi ondoren, Venezuelako Gobernuak oposiziogile askorekin egiten duena "onartezina" dela esan zuen Roblesek.
"Erabaki burujabea da"
Venezuelak hartutako neurriari buruz galdetu diote, hain justu, Jose Manuel Albares Atzerri Gaietako, Europar Batasunerako eta Lankidetzarako ministroari. Horren esanetan, Espainiako Gobernuak beste herrialdeek hartzen dituzten "erabaki burujabeak" errespetatzen ditu.
"Nik hainbatetan deitu dut enbaxadore bat kontsultara, eta halakoak estatu bakoitzak hartu beharreko erabaki burujabeak dira. Ezin dut horren inguruan baloraziorik egin", azaldu du RNE irrati katean egin dioten elkarrizketan. Gaineratu duenez, baina, Espainiak "ahalik eta harreman onenak nahi ditu Venezuela herri senidearekin, gertu sentitzen dugun herrialdearekin".
Roblesen iritzia partekatzen ote duen galdetuta ("diktadura" da, Defentsa ministroaren arabera), horri erantzutea saihestu du. "Ez naiz Konstituzio Zuzenbideko katedraduna, ezta politologoa ere, Atzerri ministroa baizik, eta, beraz, herri senide bati kalifikatiboak jarri behar dizkion azken pertsona naiz", esan du.