Itxi

Gaza erasopean

Egitura zibilen kontra egindako erasoetan, 20 palestinar hil ditu larunbat honetan Israelek Gazan

EITB

Leer en Castellano

Azken 24 orduetan, 64 pertsona hil ditu Armadak. Israelgo agintariek, bestalde, aske utzi dituzte Gazan atxilotutako bederatzi palestinar, eta Palestinako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, paramediku palestinar bat hil da Israelgo kartzela batean zegoen bitartean.

Israelgo bandera bat, hondakinen gainean, zut. EFE.

Hogei pertsona baino gehiago hil ditu larunbat honetan Israelek Gazan, Gaza Hirian eta Beit Hanounen (iparraldean) eta Khan Yunisen (hegoaldean) egitura zibilen kontra egindako erasoetan.

Israelek gutxienez hamaika pertsona hil ditu gaur goizaldean, lau adingabe eta emakume bat tartean, Gaza Hiriko Shujaiya eskolatik gertu familia-egoitza baten aurka egindako erasoan. 

Gainera, Gaza Hiriko ipar-mendebaldean dagoen Arqam eskolaren inguruan egindako beste eraso baten ondorioz, bost pertsona hil dira.

Israelgo Armadak baieztatu du Arqam eskolatik gertu zeuden bi eraikini eraso diela, argudiatuz bi egiturak Hamaseko milizianoek erabiltzen zituztela erasoak antolatzeko eta armak biltzeko. Gazako egitura zibilak jomuga izan dituzten guztietan bezala, Israelgo indarrek nabarmendu dute talde islamistak ezkutu gisa erabiltzen dituela gazatarrak, eta ziurtatu dute neurriak hartu dituztela erasoa izan baino lehen zibilei kalterik ez egiteko.

Bestalde, beste bi pertsona hil ditu Israelgo artilleriak Beit Hanoun herrian, Gazako Zerrendako iparraldean, eta beste hiru Khan Yunisen, desplazatuak barruan zeudela, kanpin-denda baten aurka egindako erasoan.

Guztira 64 paletsinar hil ditu Israelek Gazan azken 24 orduetan.

Hamasek urriaren 7an egindako erasoen ondorioz, Israelek Gazako Zerrendaren aurkako eraso bortitza hasi zuen, eta orain arte ia 41.200 palestinar hil eta 95.300 zauritu ditu. Balantze horiei gehitu behar zaizkie Israelgo segurtasun indarrek eta kolonoek Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean egindako erasoetan hildako 690 palestinarrak

Israelen esku dauden presoen egoera

Gazan atxilotutako bederatzi palestinar aske utzi dituzte Israelgo agintariek larunbat honetan. Urriaren 7tik, milaka gazatar atxilotu dituzte Gazan, eta horiei Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean atzemandako 10.700 palestinarrak gehitu behar zaizkie.

Aske utzitako gazatarrek eta giza eskubideen aldeko erakundeek tortura operazio gogorrak salatu dituzte, tratu txarrak, isolamendu-erregimenak, ezerezteko ekintzak, zabarkeria medikoak eta nahitaezko desagertzeak, besteak beste.

Gainera, Palestinako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, Hamdan Abu Anaba paramedikua hil da Israelek preso hartuta zuen bitartean. Khan Yunisko Nasser ospitalean atxilotu zuten bere hainbat lankiderekin batera iazko abenduan. Ministerioak nazioarteko komunitateari laguntza eskatu dio Israelek atxilotutako dozenaka osasun langile non dauden argitzeko.