IRAN
Irango emakumezko preso politikoek gose greba mugagabea hasi dute Mahsa Aminiren heriotzaren 2. urteurrenean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mahsa Amini 2022ko irailaren 16an hil zen, belo islamiarra ondo ez eramateagatik atxilotu eta hiru egunera. Protesta modura, emakume askok hijaba erabiltzeari utzi zioten eta errepresio bortitza jasan dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Irango Evin espetxeko 34 emakumezko preso politikok, tartean Narges Mohammadi Bakearen Nobel saridunak, gose greba mugagabea hasi dute igande honetan, Mahsa Amini Teheranen hildako emakume kurdu-irandarraren heriotzaren bigarren urteurrenean. Amini "moralaren poliziak" atxilotu zuen 2022ko irailean buruko beloa "ondo jarrita" ez eramateagatik, eta hiru egun geroago hil zen ospitalean, jasotako jipoiaren ondorioz.
Gainera, Aminiren heriotza salatzeko protestetan sortu zen Emakumea, Bizitza, Askatasuna mugimenduaren sorrera ere "oroitu" nahi izan dute presoek, Mohamadik berak ohar batean azaldu duenez. "Evingo emakume preso politiko-ideologikoek beste gose greba bat hasi dute Iranen Gobernuaren politika errepresiboen aurka egiten ari diren protestekin bat egiteko", idatzi du.
Atzo, Evingo emakume preso politikoak elkartu eta errepresioaren aurkako abestiak abestu zituzten, Bidarzani albiste atariak zabaldu duen audio batean entzun daitekeenez.
Bestalde, Radio Farda irratiak jakitera eman duenez, Mahsa Aminiren familiak gaur, egunean zehar, etxetik ez irteteko agindua jaso du. Saqqez hirian, berriz, denda ugari itxi dituzte, eta polizia ugari atera dute kalera ingurua zaintzeko, helikoptero eta guzti, inolako ospakizunik egon ez dadin.
Dena dela, erakunde politiko eta zibilek greba orokorra deitu dute Kurdistango eskualdean eta Irango beste hiri batzuetan gaurko.
Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren hasitako protestek hilabeteak iraun zituzten eta errepresio bortitza eginez erantzun zien Gobernuak: 500 heriotza, 22.000 atxiloketa eta 10 exekuzio izan ziren.
Protestek ez zuten, gainera, agintarien jokamoldea aldatu, eta apirilean, agintariek 'Argi Plana' kanpaina abiatu zuten, emakumeak ilea estaltzera behartzeko. "Emakumeen aurkako gerra" dela esan du Nobel saridunak.
Mohammadi sei aldiz zigortu dute 2021etik, eta 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.