Itxi

Erasoa AEBn

Nor da Donald Trump hiltzen saiatzea egotzita atxilotu duten gizona?

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

AEBko hedabideen arabera, Ryan Wesley Routh 58 urteko gizonezkoa da atxilo hartutakoa. Trumpen golf zelaian AK-47 bat utzita ustez ihes egiten ari zela atzeman du poliziak. Aurrekariak ditu eta Ukrainako gerrarekin oso inplikatuta omen zegoen.

Wesley Routh, agentziek zabaldutako irudi batean.

58 urteko gizon hawaiiar bat, Ryan Wesley Routh omen dena, atxilotu dute bart Palm Beachen (Florida), Donald Trump AEBko presidente ohia hiltzen saiatzea egotzita, CNN eta Fox telebista kateek eta The New York Times egunkariak zabaldu dutenez. Dena dela, FBIk ez du atxilotutakoaren nortasunaren inguruko iruzkinik egin nahi izan, eta Reutersek ere ezin izan du modu independentean baieztatu. 

AEBko zerbitzu sekretuek baieztatu duten bakarra da gizon bat atxilotu dutela Trump International Golf Club golf zelaitik ihesean ari zela. Aurrez, zuhaixken artean AK-47 bat, bi motxila eta GoPro kamera bat utzi ditu botata. Antza, bere asmoa hautagai errepublikanoa hiltzea zen, eta gertatutako guztia "hilketa saiakera" gisa ari da ikertzen FBI. 

Informazio ofizialaren arabera, agenteek armatutako gizon bat ikusi dute golf zelaiko hesitik gertu. Trump handik 300-500 metrora zegoen, golfean. Poliziek ustezko erasotzailearen kontra egin dute tiro. Gizona korrika atera da, eta ibilgailu batean sartu. Lekuko batek argazkia atera dio ihesean joan den furgoneta beltzaren matrikulari, eta horri esker, handik gutxira atxilotu dute. 

Aipatu hedabideek Wesleyren erregistro judizialak eskuratu ahal izan dituzte. Horien arabera, 2002an metrailadore bat legez kanpo izateagatik zigortu zuten. Erregistro horien arabera, armak ezkutatzeagatik eta harrapaketa baten ostean ihes egiteagatik ere kondenatu zuten. NBC katearen arabera, Ipar Karolinan —han bizi omen da— haren kontrako 100 kargu aurkeztu zituzten. 

CNN katearen arabera, atxilotutakoa oso inplikatuta zegoen Ukrainako gerrarekin, eta 2022an Kieven egon zen. 

Wesleyren X sareko, Facebookeko eta Linkedineko profilak topatu ditu Reutersek. Elon Musken sareak profila ezabatu du, gerora, erabilera arauak urratu dituela argudiatuta. 


X sareak Wesleyren profila ezabatu du.

Wesley oso aktiboa zen sare sozialetan. Apirilaren 21ean Elon Muski idatzi zion: "Kohete bat erosi nahiko nizuke. Ojiba bat barruan sartu eta Putinek Itsaso Beltzean duen etxearen kontra jaurti nahiko nuke. Esan al zenidake prezioa, faborez?".

New York Times egunkariak jakinarazi duenez, 2023an Wesley elkarrizketatu zuen, Ukrainari buruz. Esan zionez, herrialdean egona zen eta hilabete batzuk eman zituen han Ukrainan borrokatzen ibilitako soldadu afganiarrak errekrutatzen. 

Berak iragarri zuenez, 2016an Trumpen alde egin zuen hauteskundeetan, eta 2020an errepublikanoen aldeko jarrerari eusten zion. Duela gutxi Bidenen kontura barre egin zuen "logura duen gizona" deituta. 

Wesleyren semeak CNN telebista kateari esan dionez, ez du uste aita "erokeria bat, eta are gutxiago, indarkeriazko ekintza bat" egiteko gai denik. 

Albisteak (1)